"Nicolás Guerendiain"
Irungo Errepublikarrak
Balio errepulikarren defentsa eta oroimen historikoaren berreskurapena
  • Hasiera
  • Bazenekien...?
  • Langileek eta herritarrek egindako bederatzi eguneko erresistentziak Molaren planak galarazi zituen

1936ko uztailaren 19tik 28ra: langileek eta herritarrek egindako bederatzi eguneko erresistentziak Molaren planak galarazi zituen (Juan Ramón Garai)

Kolpistak lehenengo egunetan Nafarroaz eta Arabaz jabetu ziren, matxinoek, aldiz, ezin izan zituzten burutu Gipuzkoa berenganagatzeko aurreikusi zituzten planak. Zenbait hilabete lehenago, Loiolako kuartelean zeuden Artilleria-astunaren 3. Erregimentua eta Ingeniarien 6. Batailoiaren babesa eta hainbat boluntario zibilen partaidetza proiektatua zuten: mila errekete baino gehiagorena eta hamarnaka falangistena. Mario Muslera dibisio jenerala, Eduardo Baselga teniente koronela eta Leon Carrasco Amilibia plazako komandante militarra ziren mugimendu hori zuzendu behar zutenak.

Uztailaren 18ko gauean eta Molarekin Iruñean izandako elkarrizketaren ostean,Loiolako kuartelera  militar batzuk itzuli ziren agindu batekin. Agindu horren arabera, biharamunean, —uztailaren 19an—, goizeko 9etan ekin beharko zioten altxamenduari Donostian, Erreketearen eta Falangearen laguntzarekin.

Uztailaren 19 hartan, militarrek ez zuten adierazi gerra-egoera Molak adierazitako momentuan, eta hori zela-eta ekiteko ordurik egokienak galdu zituzten kolpistek.

Erreketeak lau unitatetan antolatu ziren. Unitate horien buruzagitzak Donostian, Tolosan, Azpeitian eta Oñatin zeuden. Azpeitiako eta Oñatiko karlistek hilaren 19an Loiolako santutegian elkartzeko agindua jaso zuten. Hilaren 19an, goizeko seietan, uztailaren 18tik Karmeldarretan elkartuta zeuden Donostiako erreketeak Loiolako kuarteletara lekualdatu ziren. Arratsaldeko hiruretan alde egiteko agindu zieten. Militarrek huts egin zutela ikusita, batzuk eta besteak Nafarroara eta Arabara pasatu ziren.

Donostian hitzartutako 33 falangistek hiriko hainbat lekutan elkartuta jarraitu zuten uztailaren 18an zehar,  aginduko ez ziren mandatu batzuen zain.

Faktore hauek izan ziren matxinoen zalantzetan eragina izan zutenak:

Matxinoen altxamenduaren lehenengo momentuan, ezkerreko alderdi hauek bildu ziren “Estatu Nagusi Popularra” delakoaren inguruan, militante guztiekin batera: Alderdi Sozialista, Alderdi Komunista, Juventudes Socialistas Unificadas, Ezker Errepublikarra, Unión Republicana, Ezquerra Vasca Federal eta Euzko Abertzale Ekintza eta UGT zein CNT sindikatuak. Elkartze horrek ahalbidetu zuen hiriaren defentsa eta geroago berreskuratzea. Taktika militarretan inolako esperientziarik ez zeukaten milaka miliziano boluntariok Perez Garmendia komandantearen eta beste hainbat militarren laguntza izan zuten lehenengo momentutik. Armen erabilerarako esperientzia handiagoa zen, behintzat. 1934ko urriko altxamendua, denboran hurbil, balio handikoa gertatu zitzaien lehengo momentu haietan. Eibar, Arrasate, Hernani, Aretxabaleta, Donostia, Herrera, Pasaia, Tolosa... Herri haietako langileak —UGTkoak gehienak— armak eskuetan ibiliak ziren militarren aurka Errepublika Sozial baten alde.

Uztailaren 19an egin zen berehalako Greba Orokorrarako deiak Gizpuzkoa osoa gelditu zuen. Herrialdean eratu ziren Defentsa Komiteek udalak ordezkatu zituzten, eta alderdi politiko eta sindikatu guztietako ordezkariek parte hartu zuten haietan. Haietako batzuetan, EAJ eta SOV organizazioek parte hartu zuten. Komite haien lehenengo zeregina armatzea izan zen. Armen bila zebiltzalarik, ez zen geratu inolako lantegi, armategi, baserri edo etxe erabat arakatu gabe. Lehenengo egun horietan, dinamitazko kartutxoak eta Molotov koktelak ere erabili ziren militar kolpisten aurka.

Uztailaren 19tik 28ra, ezkerreko indar horiek soilik mobilizatu ziren matxinoei aurre egiteko. Aginte errepublikarra indar horien esku geratu zen.

EAJ eta SOV erakundeetako militante batzuk maila pertsonalean parte hartu zuten Gipuzkoan momentu horietan matxinoei aurre egiteko asmoz, ezkerreko miliziekin batera. Uztailaren 29an bertan, —aurreko egunean Loiolako kuartelak makurtu egin ziren—, Gipuzkoako Mendigoizale Batzak bere indarrek izena eman zezaten eskatu zuen Frente Popular aldizkarian. Egun batzuk beranduago, Euskal Miliziak sortuak zirela jakinarazi zuen komunikabide berak; Jaungoikoa, Askatasuna eta Aberria zen haien lema.

Irujok eta Lasartek, alderdi horrek Korteetan zeuzkan diputatuek jokatu zuten rolak militarrengan ere izango zuen eragina. Nahiz eta beren alderdia zalantzatan egon, haien kaxa hartu zuten erabakia eta Donostiako herritarrengana zuzendudu ziren irratiaren bidez uztailaren 18an. Militarrek ez zuten espero alderdi horrek legaltasun errepublikarraren aldeko jarrera hartzea.

Guardia Zibileko arduradun batzuek ere ez zuten matxinatuen aldeko jarrera hartu. Beste batzuen artean, Saturnino Bengoa Muruzabal teniente koronelak, Mauricio García Escurra komandanteak, Eibarko Alejo Beñaran Garich kapitainak, Antonio Bolaño Rodríguez kapitainak, Bergarako Miguel Escoin alferezak lehenengo momentutik matxinatuen aurka jokatu zuten. Hori zela-eta guardia zibil dexentek parte hartu zuten jaiki zirenen aurka.

Manuel Chiapusoren Los anarquistas y la Guerra en Euskadi liburuan agertzen da nola kontatu zuen Donostiako Komunak Kasino Handiaren hartzea eta guardia zibilen jokaera: “... haien ikuspegitik, adorea galarazi zien beste arrazoi bat, gure artean, errepublikaren alde eta haiei eraso egiteko prest zeuden hainbat guardia zibil ikustea izan zen. Gure desesperaziorako, burdinazko hesi handiak ongi babesten zuen eraikina. Hain zuzen ere, guardia zibil horiek izan ziren Kasino Handiaren hartzea bultzatu zutenak, Guardia Zibileko Escurra komandantearen esanetara zeudelarik. Ez ziren asko, baina balio handikoak. Adorea eta baretasuna erakusten zuten aldi berean. Bazekiten etsaien balen azpian mugitzen, enborrik enbor jauzi egiten gero eta gehiago hurbiltzearren”.

Karabineroen sektore bat, oldarketako hainbat guardia eta zenbait mikelete ere gehitu ziren Fronte Popularrera.

Pedro Barrusok hau dio La guerra civil en Gipuzkoa Verano y Revolución liburuan: Ondorio gisa baieztatu ahal da hiriburuak erabaki tinkorik ez hartzeak Altxamenduaren porrota ekarri zuela. Molaren kalkuluak erabat zehatzak ez ziren arren, hiriburuak jarrera tinkoa hartu izan balu —udalerri handienetako tradizionalistek bultzatuko zutela jarrera kontuan hartuta—, Gipuzkoa, neurri handi batean behintzat, matxinatuen esku geratuko zen gatazkaren lehenengo momentuetatik, eta era horretan saihestuko zen urriaren hasiera arteko kanpaina gogorra eta odoltsua”.

Uztailaren 21ean, miliziano-zutabea Gasteizerako bidean zegoela, Gerra Bandoa jakinarazi zuten militarrek irratiaren bidez, eta ibiladi bati ekin zioten kuarteletatik hiriaren ateetaraino, baina gaua zenez, kuartelera itzuli ziren. Uztailaren 22an, egunsentian, militarrez osatutako beste zutabe bat atera zen eta Larramendi kaletik sartu zen, baina CNTko militanteek geldiarazi zituzten. Defendatzaileak guztiz egoera gordinean zeudenean iritsi zen Arrasaten buelta eman zuen milizanoen zutabea —pertsona eta arma gehiagorekin—, eta hori zela-eta militarrek berriro abiatu behar izan zuten Kasinora, Maria Cristina hotelera, La Equitativara eta Komandantzia Militarrera. Toki haiek uztailaren 23an eskuratuak izan ziren. Orduan Loiolako kuartelak setiatu ziren.

Kolpistek Oiartzun hartua zuten eta matxinatuak laguntzera abiatu nahi zuten; hala ere, ez ziren Errenteriatik pasa. Setioak bere eragina izan zuen militarren adorean, eta hilaren 28an, goizean amore eman zuten milizianoen aurrean.

Tatxo Amilibia Donostiako Alderdi Sozialistako idazkariak hau idatzi zuen momentu haietan: “ Zeinen pozik hartu genuen arnasa! Mometu hartan muniziorik gabe geunden, eta tropa nafarrak kuarteletatik bost kilometrora zeuden, eta goiz hartan, diputatuek beren arteko elkarrizketa egiten ari zirenean, Pérez Garmendia komandantea, gure indarren buru zen militar ohoretsua hil zuten Oiartzungo frontean. Gipuzkoarrok ez dugu sekulan ahaztuko zeukan adorea eta energia”.

Miguel Amilibiak hau zioen Los Batallones de Euskadi liburuan: Euskal Herriko borrokaldian gertatutako episodio hunkigarrienetako bat izan zen. Gure milizianoek, gure gudariek, ezkerreko gudariek berriz konkistatu zuten hiria; gudari sozialistak, komunistak, anarkistak, errepublikanoak zirelako. Gudari nazionalistek ez zuten oraindik parte hartzen, baina ez kausatik kanpo sentitzen zirelako, baizik eta agintari jelkideak oraindik ez baitzuen erabakirik hartu”.

Juan Ramón Garai, Intxorta 1937 Kultur Taldea.