Irungo Nicolás Guerendiain Elkarte Errepublikarretik, mapa hau aurkezten dugu gerra zibilarekin eta diktadura frankistarekin zerikusia duten Irungo gertaerak ezagutzera emateko helburuarekin.
1936ko uztailaren 18ko altxamendu militarraren berri izan zenetik, Irun, gobernu errepublikarraren zilegitasunaren defentsan altxa zen, eta berrogeita hamar egunez eutsi zion Mola jeneralaren indarrek hiria okupatzeko egindako saioari.
Frantziarekin muga egiteak, kokapen berezian jarri zuen Irun gerran garaian, horregaitik hasiera-hasieratik ezagutu zuen borrokaren gogortasuna, baina baita ere milaka pertsonen migrazioa gerra eta gerra-osteko urteetan.
1936ko irailaren 5ean okupatu zuten hiria, eta irundarrek berehala jakin zuten zein ondorio zekartzan gune nazionalean bizitzeak: errepresio politikoa, kulturala eta hizkuntzarekikoa; ehunka irundar bereizi gabe kartzelaratzea; “Estatu Berriaren” ideologia aplikatzea; soldadu ohiak eta zibilak kontzentrazio-esparruetan pilatzea; errazionamendua; batzuen gosea eta miseria, beste batzuen aukera, sustapena eta inpunitatea.
Mapa honetan jaso ditugu alderdi horiek guztiak: Irun, hiriaren garapenean eragin zuten gertakarien eszenatoki gisa ikusten dugu, Historiaren alderditik ezagutuz eta Memoriaren alorretik aldarrikatuz.
Uztailaren 18an, arratsaldez, Fronte Popularra eratzen duten alderdietako kideak bilduko dira udaletxean: Florencio Iracheta Quílez, Francisco Fernández Trevín, Manuel Igartiburu Espallargas, Luis Larrea Bilbao, Félix del Estal Rodríguez eta Benito Boda López, PSOEkoak; Manuel Enjuto Rubio eta Francisco Emery Arocena, UGTkoak; Zubizarreta, Manuel Cristóbal Errandonea, Juan Ecenarro Eizaguirre, Antonio Berbel Hita eta Juan Eraso Echeverría, Alderdi Komunistakoak; eta Nicolás Guerendiáin Salaverri, Edmundo Lirio Sánchez eta Fermín Cuende Aramburu, Ezker Errepublikanokoak. 21.00etan, alderdi sozialistak eta alderdi komunistak baterako deialdia egiten diete militanteei: beren alderdien siglen pean biltzeko eta aginduen zain gelditzeko. Boluntarioak udaletxearen ondoan elkartzen dira San Juan Harria plazan, orduan, Errepublikaren plaza izenekoa.
Florencio Iracheta Quílez dela buru, behin-behineko gerra batzorde bat eratzen da, sozialistek eta errepublikanoek soilik osatutakoa: Guillermo Aguinaga Gainza, Manuel Igartiburu Espallargas, Benito Boda López, Luis Larrea Bilbao, Aquilino Gutiérrez Díez eta Félix del Estal Rodríguez dira batzordekideak. Hasiera batean, zibilek bakarrik osatuko dituzte miliziak, baina gero, Antonio Ortega Gutiérrez Irungo karabineroen tenientea, Álvarez tenientea, Sebastián Vicente sarjentua eta Irungo karabineroen kuarteleko kide guztiak batuko zaizkie.
Uztailaren 19an, Luis Salís Martínez alkateak, IRkoa, gobernu errepublikanoari leial iraun dio zinegotzi hauekin batera: Florencio Iracheta Quílez (PSOE); Jorge Segura Sagardía (errepublikano independentea); Claudio Urtizberea Alberdi (IR); Benito Boda López eta Francisco Fernández Trevín (PSOE); Miguel Liceaga Larburu eta Evaristo Larrañaga Urcelayeta (IR); Modesto Gal Iguaran eta Gerardo Bienabe Artía (PRRS); eta Camilo Arocena Echegaray (errepublikano independentea). José Ramón Aguirreche Picabea, Antonio Arregui Lasa, Emilio Berroa Aristimuño, Rosario Tellechea Recarte, Guillermo Bergareche Marticorena, Antonio Ostiz Aramburu, Fernando Estomba Aguirre eta José Julián Bellido Rodríguez zinegotziak, berriz, ezkutuan edo ihesi mantentzen dira. Aldi berean, garraiobideak eteten dira: Frantziatik abiatzen diren trenak bakarrik iristen dira Irungo geltokira, eta, 09.00etatik aurrera, tren batek ere ez du zeharkatu muga Frantziara bidean. Arratsaldean, azkenik, toki, eskualde eta estatu mailako garraiobide guztiak ibiltzeari uzten diote.
Uztailaren 20an, Tokiko Defentsa Batzarra eratzen da: irailaren 4ra bitartean, hiriko zuzendaritza politiko, ekonomiko, sozial eta finantzarioaz arduratuko da. Gainera, komisariak eta batzordeak eratuko dira gerra egoerarekin lotutako zerbitzuak bermatzeko. Batzorde Zentrala: Florencio Iracheta Quílez (batzordeburua), Guillermo Aguinaga Gainza, Manuel Igartiburu Espallargas, Benito Boda López, Luis Larrea Bilbao, Aquilino Gutiérrez Díaz eta Félix del Estal Rodríguez. Gerora, Tokiko Defentsa Batzordea honako hauek eratuko dute: Florencio Iracheta Quílez eta Echániz (PSOE); Manuel Cristóbal Errandonea, Zubizarreta eta Zapirain (PC); Nicolás Guerendiáin, Fermín Cuende, Antonio Narvarte, Ángel Miquelajáuregui, Claudio Urtizberea eta Carlos Castillejo (IR eta UR); eta José Michelena Aguirre eta José Echániz Echave (EAJ). Gerra Komisaria: Valeriano Mosquera del Agua eta Rufo Martínez Amigo. Estatu Nagusia: Ortega koronela, Manuel Cristóbal, Álvarez eta Margarida tenienteak eta Sebastián Vicente sarjentua, besteak beste. Garraio Komisaria: Mariano Bercianos del Pozo, Enrique Hortalá Ruiz eta Jerónimo Villescusa Pérez. Zentsurako eta Ibilgailuak Baimentzeko Batzordea: Enrique Hortalá Ruiz, Rufo Martínez Amigo eta Patricio Cruz Dorronsoro. Ordena Publikoko Komisaria: Manuel Enjuto. Azkenik, tren geltokian “Norteko Geltokiko Batzorde Iraultzailea” sortu da, Francisco Emery Arrieta eta Francisco Polo Arrieta dituenak buru.
Arma eskasiari aurre egiteko –ehiza eskopetak eta fusil batzuk besterik ez dauzkate–, Urtizberearen armategiko eskopetak konfiskatu, eta herritarrei eman zaizkie, eskopeta bakoitzaren dokumentazioarekin batera. Era berean, etxez etxe konfiskatu dira armak. Monarkikoen eta eskuindarren kontrako lehenengo interpelazioak hasiak dira. Batzorde bat Eibar aldera abiatu da, arma bila, eta bi egunen buruan itzultzen da, pistola metrailetak, pistolak eta kanoi bat dakartzala; kanoia, baina, ezin izango dute muntatu, oinarrizko piezak falta direla eta. Perujarango harrobiko bolborategiko eta Miazuriko meatzeetako dinamita ere konfiskatu dira, eta “eskuko bonbak” fabrikatu dira, iturgintzako elementuak bolboraz, torlojuz eta azkoinez betez. Irungo Guardia Zibilaren kuartelan, hasiera batean zalantzan dagoela baliatuz, errenditzera behartu dute, kuartela dinamitatzeko mehatxupean, eta haren armamentua konfiskatu ere bai.
1936ko irailaren lehen egunetan Gipuzkoatik alde egin zuen biztanleriaren zati bat hilabete berean itzuli zen, Irunen borrokak amaitu zirenean, eta, oro har, urte bereko urrian, Gipuzkoako kanpaina amaitu zenean. Hasiera batean, “Comisión de Admisión del Puente” batzordearen esku egon zen mugaren kontrola, Santiago Fernandez buru zutela eta Guadalupeko gotorlekuko preso ohiek osatua. 1936 urtearen amaiera eta 1937ko hasiera artean, Bidasoako Komandantzia Militarrak, Troncoso komandanteak zuzendua (Espainiako Iparraldeko Mugen Zerbitzuen Burua) mugatik igarotzeari buruzko guztia bere gain hartu zuen. Gainera, Komandantziak Donibane Lohitzuneko Nacho-Enea etxean zegoen "Oficina Nacional de Nacho-Enea”ren laguntza izan zuen, Cabiecesko markesaren jabetzakoa, Espainia nazionalak Frantzian zuen enbaxada gisa funtzionatu zuena.
Espainia nazionalera itzultzeko muga zeharkatzeko, zenbait izapide bete behar ziren, lehenik Nacho-Eneako Bulegoan eskaera bat aurkeztu behar zen, eremu nazionalean bizi ziren bi lagunen izenak adieraziz, eskatzaileari bermea emateko. Eskaera Bidasoako Komandantzia Militarrera bidaltzen zen, bere esku baitzegoen Espainiara itzultzeko baimena. 1937ko martxotik aurrera, Bizkaiko fronteko erasoaldiarekin batera, Espainiara sartzea ia sistematikoki ukatu zen, Frantziarako ia pasabide guztiak kendu ziren aldi berean. 1937ko ekainean tropa frankistek Bilbo inbaditu zutenerako, 26.452 pertsona Frantziara joan ziren, Eusko Jaurlaritzak Bizkaiko hiriburua ebakuatzeko emandako aginduari jarraituz. Ondoren, Santanderko eta Asturiasko 95.000 pertsona iritsi ziren Frantziara (errefuxiatu horietako asko Kataluniara itzuli ziren eta 1939an berriz ere erbesteratu ziren Frantzian). 1937ko uztailaren 9tik aurrera, Bartzelonara itzuli nahi zutenei, Baionako kontsulatuak eman zien txartela.
Frantziako Gobernuak neurri berriak hartu behar izan zituen Ipar Euskal Herriko departamentuetan zegoen espainiar errefuxiatuen presentzia handiari aurre egiteko. 1937ko irailaren 27an, Frantziako Barne Ministerioak Frantziako estatuaren edo Frantziako erakunde publikoen ardurapean zeuden errefuxiatu guztiak aberriratzea aldarrikatu zuen. Frantziako gobernua, 1938 arte, derrigorrezko aberriratzeak aplikatzen hasi ez bazen ere, 1937ko urrian, Salamancako Gobernuak araudi oso bat eman zuen errefuxiatuak birgizarteratzeko, Frantziako arauaren aplikazioa aurreikusita. Hondarribirako norabidean eramango ziren mugimenduarekin bat zetozen eremu gorriko iheslariak, eremu gorria utzi eta berehala eremu nazionalean sartzea eskatu zutenak eta kontsulta kasuak, hau da, agintariek informazioa eskatzen zieten pertsonak, bai adin militarrean zeudelako, bai Fronte Popularreko alderdietako bateko kide zirela uste zutelako. Hala ere, errefuxiatu gehienentzat izapidea honakoa zen: Nazioarteko Zubira bideratzea, eta handik Irungo kontzentrazio esparrura eramatea, han sailkatzeko. Kontzentrazio esparrutik, batzuk fronteetara bidali zituzten, beste batzuek auzitegi militarretatik pasa behar izan zuten, eta beste batzuk, berriz, errurik gabe geratu zirenak, ebakuatu aurretik bizi ziren lekuetara bidali zituzten. Burgosko Gobernuak 1938ko abuztuaren 29an emandako Aginduaren arabera, errefuxiatuek ordezkari diplomatikoek emandako baimena edo Kanpo Arazoetako, Barne Arazoetako (Prentsa eta propaganda) edo Ordena Publikoko ministroek emandako berariazko baimena eduki behar zuten muga gurutzatu ahal izateko. Nolanahi ere, baimenak Nacho-Eneako bulegoan eskatu ziren batik bat, 1936az geroztik gertatzen zen bezala. Gerraren azken fasean, 1939ko lehen hilabeteetan Katalunia okupatu ondoren, espainiar errefuxiatuek beste exodo masibo bat izan zuten Frantzia aldera. Espainiara itzultzea erabakitzen zutenak Irungo mugara eramaten zituzten: hara iritsitakoan, lurralde nazionalean berriz sartzeko izapideak egin behar zituzten. 1939ko otsailaren 1etik 19ra bitartean, 67.709 lagunek igaro zuten muga, eta gehienak tropa errepublikanoetako borrokalari ohiak izan ziren. Hala ere, nazioarteko egoera ikusita, nabarmen jaitsi zen Irungo muga zeharkatu zuten errefuxiatuen kopurua. 1939ko maiatzaren 25etik urriaren 16ra bitartean, 2.500 lagun baino ez ziren zenbatu, 1940ko abendura arte, orduan 3.150 aberriratu baitziren. Muga igarotzen zutenen kopuruak behera egiteko arrazoia izan liteke Burgosko agintariek presio handia izatea Frantziako gobernuaren aurrean, inplikazio politiko handiena zuten errefuxiatuen entrega bizkortu zezaten. Frantziako agintariek jarrera bikoitza izan zuten ordea. Alde batetik, Frantziak errefuxiatu kopuru handi bat kendu nahi zuen, baina, bestetik, ez zituen Estatu Berriko agintarien esku jarriko auzitegi militarrek espetxe zigor luzeetara kondenatuko zituzten pertsonak. Errefuxiatuak itzultzeari buruzko xedapen murriztaileak ugaritu egin ziren Gerra Zibila amaitu ondoren. Apirilaren 3an, Hendaiako kontsulatuari, orduan nazionalen eskuetan, adierazi zitzaion mugara inolako errefuxiaturik ez bidaltzeko. Apirilaren 7an, kendu egin ziren kontsulatuetan aurkeztu behar ziren espainiarrentzako baimenak, Espainiara itzultzea eskatzen zuen pertsonaren abalen, filiazioaren eta bizilekuaren berri ematen ziotena Ministerioari. 1939ko ekainean, armamentu fabriketan espezializatutako milizianoak erabiltzen hasi zen Frantziako Gobernua, kontzentrazio esparruetatik ateratzearen truke. Bestalde, Espainiako agintariek uste zuten inplikazio politikorik ez zuten errefuxiatu gehienak jada itzuliak zirela, eta, beraz, Frantzian zeudenak inplikazio politiko handiena zutenak zirela.
Bigarren Mundu Gerrak nabarmen aldatu zuen Frantziako errefuxiatu espainiarren egoera. Frantziako agintariek Espainiako diplomatikoei adierazi zieten ez zela inolako neurririk hartuko errefuxiatu espainiarren aurka. Hala ere, Frantziako gobernuak espainiar errefuxiatuengana jo zuen armadan eta brigada laguntzaile zibiletan sartzeko eskaerarekin, Frantziak errefuxiatuei buruz ezagutzera eman zuen lege berriaren ildoari jarraituz. Lege horrek prestazio batzuk ematera behartzen zituen errefuxiatuak gatazka kasuetan. 1939ko irailan egin zuten agintari frankistek errefuxiatuak espainiara itzultzeko azken deiak, propaganda kutsua zerionak, honela zioen: “Jada inork ez du sinesten Espainiako errepresioaren kondairan. Denek dakite nola administratzen den Francoren justizia, zein onginahiz, arrazoi konplexuak zorrotz aintzat hartuz, jokabide askoren erabakigarriak, hain zuzen, jarduten duten agintariek. Itzul zaitezte, bada, zain duzuen Espainia Bat, Handi eta Librera. Gerrak atzerriko lurrean umezurtz uzten zaituenean, dei egiten dizue zuen aberriak. Kontzientzia garbiko eta iragan zintzoko espainiar guztiek han duzue zuen aberria, berau hobetzeko eta dituen kalteak konpontzeko lan egin dezazuen”. Une horretatik aurrera gogortu egin ziren erbesteratuak muga pasa eta etxera itzultzeko baldintzak. Irailaren 21ean jakinarazi zen ezingo zela Espainian sartu dokumentu errepublikanoekin, beraz, itzuli nahi zuen pertsona orok Espainiako kontsulatuengana jo beharko zuten, eta aldez aurretik pasaporte berriak eskatu, bere burua abalatuko zuen bi pertsonen hitzarmen sinatuarekin. Abal horiek lortzen ez zituztenak mugan aurkeztu behar ziren eta segurtasun indarren atxikimendu kontrola pasa. Han, milizianotzat hartuko zituzten adin militarrean zeudenak eta errefuxiatutzat gainerako guztiak. Errefuxiatuen egoera aldatu egin zen 1940ko udaren hasieran. Frantziaren porrota zela eta alemanak Espainiako mugaraino zabaldu ziren. Lehen neurri gisa, Vichyk kontrolatutako eremuan zeuden espainiarrak lekuz aldatu zituzten beste kontzentrazio esparruetara eramanez; 1941eko udazkenean, 84.675 lagun ziren baztertutakoak. 1940ko abuztuan, Espainiako agintariek muga itxi eta Frantziatik ateratzea eragotzi zuten, desmobilizatutako soldadu asko Espainiara pasa ez zitezen. 1941eko udazkenean, Petain mariskalaren gobernuarekin akordioa lortu ondoren, Espainiako agintariek onartu egin zuten nahi zuten errefuxiatu guztiak aberriratzea, eta Amerikarantz abiatu ziren beren ibilbide politikoagatik itzuli ezin zirenak baina estradizio eskaerarik ez zutenak. 1942ko azaroan, alemanek Frantziako eremu librea okupatu ondoren, oraindik erbestean zeuden espainiarrek, Erresistentzian sartzea edo Afrikaren iparraldeko borroketan, Frantziako Indar Libreetan, parte hartzea erabaki zuten.
Abenduaren 26ko 52/2007 Legeak, Memoria Historikoaren Lege gisa izendatutakoak, besteak beste, "altxamendu militarra, Gerra Zibila eta diktadurako errepresioa goratzeko armarriak, intsigniak, plakak eta gainerako objektu edo aipamenak" kentzeko agindua eman zuen. Irungo Udaleko Udalbatzaren bilkurak aho batez onartu zuen 2014ko otsailean, frankismoa gogorarazten zuten lau kaleren izendapena aldatzea. Izen horiek oraindik mantentzen ziren, nahiz eta zazpi urte igaro ziren lege hura argitaratu zenetik. Hala ere, Irunen ez zen militar frankistak goraipatzen zituzten edo 1936ko uztailaren 18ko altxamendu militarrari omenaldia egiten zioten kaleen izenak ordezten ziren lehen aldia. 1979an, Euskadiko beste korporazio batzuen irizpideari jarraituz, Udalak 18 kaleren izenak aldatu zituen. Kaleen nomenklaturaren aldaketa ez da berria. Irunen, beste hainbat herritan bezala, kale izendegia espainiar estatua eraldatu duten gertaera politikoekin batera joan da, Alfontso XIII.aren erregealditik Memoria Historikoaren Legeraino, bigarren errepublikaren eta diktadura frankistaren aldarrikapenetik eta demokraziaren lehen urteetatik igaroaz. 1938ko apirilaren 14an, Ramón Serrano Suñer Barne ministroak xedatu zuen "Udal Kudeaketa Batzordeek kale eta plaza publikoen izenen berrikuspen orokorrei uko egitea", eta soilik "mugimendu Nazionala inspiratzen duten printzipioetarako ageriko bidegabekeria kasuetan edo arrazoitutako eta erabateko justifikazioa duten beste batzuetan erabaki ahal izango dute egungo izendapenak kentzea, Barne Ministerioaren Tokiko Zerbitzu Nazionalari kontsulta egin ondoren". Irunen aurretik egina zen nomenklaturaren aldaketa. 1937an 12 kale eta plaza berrizendatu ziren eta 3 kale berri izendatu ziren altxamendu militarraren buruzagi nagusiak goraipatuz. Aldi berean, nomenklatura berri hark kale izendegitik kendu egin zituen 1931 eta 1932ko korporazio errepublikanoek errepublikaren garaiko gertaerak eta protagonistak goraipa- tzeko erabili zituzten kale eta plazen izenak.