"Nicolás Guerendiain"
Irungo Errepublikarrak
Balio errepulikarren defentsa eta oroimen historikoaren berreskurapena

Hobiek gordetzen dutena

“Memoria ezinbestekoa da bururatutako balentria onenak, adibide onenak, herriak gogoan eduki ditzan eta bere egin ditzan, haien eskutik joateko eta errepikatzeko”

MIGUEL USABIAGA/IDAZLEA ETA ARKITEKTOA (Diario Vasco 2006/08/21)

Pikoketan fusilatuen 70. urteurren hau aprobetxatu nahi dut, zorionez memoria esnatzen ari den honetan eta izan ez zuten ohorea merezi duten haien alde azkenean zerbait eskatzea ausartzen garen honetan, gogoeta bat jendaurrera ekartzeko. Abuztuaren 11ko egunean, urtero bezala, jazoera tragiko hura gogoratzeko biltzen gara senide eta lagunak, eta lore sorta batzuk ipintzen ditugu fusilatuen gorpuzkinak dauden lekuan, Irungo hilerrian. Eta ekitaldi horren inguruan egindako gogoeta bat ekarri nahi dut lerrootara. 1936. urteko abuztuaren 11n gazte talde bat, neskak eta mutilak, hogeiren bat lagun, Irundik Pikoketara joana zen herria faxisten erasoetatik babesteko, baina harrapatu egin zituzten. Eta gero fusilatu eta hobi komun batean lurperatu zituzten. Han bertan. Horien artean 17 urte besterik ez zituztenak ere baziren. Goizaldean gertatu zen, eta antza lo zeuden gehienak; ilusioz beteriko gazteak izango ziren, baina zaildu gabeak, ezinbestean parte hartu behar izan zuten gerra ankerra ezagutzen ez zutenak. Gertaera haren berri berehalakoan hedatu zen Irunen, miliziarren batek ihes egitea lortu baitzuen. Sasi artean ezkutaturik, dena ikusi zuen, herrira iritsi ahal izan zen eta guziaren berri eman zuen.

Fusilatutako neska eta mutilen gorpuzkinei leku egin zien hobi komuna bertan izan zen isilpean 40 urtez, frankismoak iraun zuen garai luzean. 1976. urtean, egoera demokratiko berriarekin, senideak mobilizatu egin ziren eta kudeaketa lan batzuk egin ostean, eremua induskatu zuten, gorpuzkinak aurkitu arte. Agerian uzten zuten gerrako lehen hobi komunetako bat da honakoa. Irungo udalak mausoleo xume bat eman zuen hilerrian, bertara eraman zituzten gorpuzkinak, eta hilerrian omenaldi txiki bat egin zitzaien euren ohorea berritzeko. Hortxe uzten ditugu lore sortak urtero, abuztuaren 11n. Gazte jendeari jazotako kontatzen diedanean, hala galdetzen didate, batzuetan: Eta zergatik itxaron behar izan zen hainbeste urte? Izan ere gazteek ezer gutxi dakite frankismoaz, haren errepresio bortitzaz, haren izaeraz.

Eta orain, memoriaren mapa hori irekitzen ari garen honetan, hilketak izan zirela badakiten edo sumatzen duten lekuetan hobiak aurkitzeko ahaleginak egiten ari diren honetan, dagoeneko 70 urte baino gehiago eman baitituzte leku horiek ezkutaturik, isilpean, komenigarria da hobi horiek, esate baterako Pikoketakoak, ezkutatzen duten gauza baliotsu bat gogora ekartzea.

Gizaki bakoitzarentzat lur emate duina eskatzen duen gizatasunarekin batean, animaliak balira bezala bide bazterrean botata, hilobirik gabe, egon ez daitezen, gizaki maiteenez gabetuak izan zirenekin batean, inoiz ere azalpenik jaso ez zuten, haien berri izan ez zuten horiekin batean, horiekin guztiekin batean, bada beste memoria bat haietan altxorra balitz bezala gordetzen dena. Pikoketan, Errepublika defendatzen zuten gazte haiek, legezko erregimena babesten zuten, demokratikoki onartua izan zen erregimena. Kolpe militarraren aurrean, neska eta mutil haiek ez zuten zalantzarik egin altxatzeko eta euren bizia mehatxupean zen demokraziaren eta eurena zen herriaren alde emateko. Horixe da hobiok ezkutatzen duten benetako altxorra, bizirik dirauen memoriaren eredua, askatasunaren alde bizia eman zuten guztiena. Eta hori eragozpena da batzuek, gaur, gatazka haren aurrean erakutsi nahi duten simetria babesteko. Altxor hori memoriaren monumentua da, errepikatzeko ezer gogoratu behar bada, babesteko erabakia hartu zuen herri baten, gizarte zibilaren, erresistentzia heroikoa baita. Memoria, esan ohi baita jakintasunez, behar-beharrezkoa da historiako hutsak ez errepikatzeko. Baina memoria beharrezkoa da baita ere, eta honakoa da azpimarratu nahi dudana, bururatutako balentria onenak, adibide onenak, herriak gogoan eduki ditzan eta bere egin ditzan, haien eskutik joateko eta errepikatzeko. Eta estatu kolpea eman zuten militarrek eragindako gerra galdu bazen ere, Errepublika ez zen hutsa izan, ondo egin zuten azkenera arte defendatzen. Horratx eredua, gogoan eduki beharrekoa, zaindu beharrekoa, duindu eta omendu beharrekoa. Horixe guztia gordetzen dute hobiek, onenetako asko eta askori leku egiten dieten hobiek. Eta errepikatu egin beharko litzatekeena da, berriro ere horrelakorik gertatzera.