"Nicolás Guerendiain"
Irungo Errepublikarrak
Balio errepulikarren defentsa eta oroimen historikoaren berreskurapena

Nicolas Guerendiain

Irungo historian sakontzen badugu, familia bereko bi pertsonaia aurkituko ditugu, aita eta semea, zeinen belaunaldia traumatikoki eten zen. Lehenari buruz datu zehatzagoak dauzkagu, baina bigarrenaren inguruan oraindik ezer gutxi dakigu, diktadura bortitzaren eta ondorengo isiltasun bidegabearen erruz, batez ere bere bizitza laburraren azken garaiei buruz:

Nicolas Guerendiarin Aguinaga (1856-1899) familia aberatsekoa (bere aita Irungo Notarioa izan zen) eta ugarikoa izan zen (lau anai-arreba zituen: Ramon, Mauricio, Ignacio eta Dolores). Boluntario modura borrokatu zuen tropa karlisten aurka, Irun hartzeko ahaleginak egin zituztenean. Mercedes Salaberri Guerendiainekin ezkondu zen, lehengusu txikia eta Murilloko VI. Markesa (1), eta zortzi seme-alaba eduki zituzten (Jose Mª, Juan Francisco, Juncal, Marichu, Ramon, Mª Dolores, Asución eta Nicolás). Buenavistan bizi izan zen (Irun). “1890eko hauteskunde-zentsuan ageri da abokatu eta jabe kalifikazio profesionalarekin”(2). Epaile lanetan jardun zuen Irunen eta Ginea Ekuatorialean. “Hiriak eduki zuen lehenengo alkate errepublikarra izan zen (1890-1893). Familia errepublikarraren barnean, korronte posibilistari lotuta ageri da. Gipuzkoako Batzorde Probintzialaren lehendakariorde izatera ere iritsi zen”(2)

Foto de Nicolás Guerendiain el día San Marcial

Alkate karguan eta talde errepublikarraren lidergoan egon zen denbora laburrean, hainbat jarduera burutu zuen: argi publikoa zabaltzearen alde egin zuen; ordenantza aldatu zuen, merkatuko birsaltzaileek produktuak beretzako har ez zitzaten, prezioak garestitu egiten zituztelako; elizkizunetara eta Aste Santuko prozesioetara zinegotziek borondatez parte hartzeko aukera ezartzen du; bandoak idatziz hiriko toki estrategikoetan jartzeko obligazioa ezartzen du; udaletxeko arkupetan GAO ikusgai jartzen du; Udal Batzarrak egin baino lehen gai zerrendak hogeita lau ordu lehenago entregatu beharra ezartzen du, zinegotziek aztertzeko aukera izan zezaten; lehiaketa-oposizioaren sistema ezartzen du udaletxeko lanpostuak betetzeko... Azken batean, arrazionalismo eta berdintasun premisekin bat zetozen berrikuntzak bultzatu zituen.

Nicolas aita “1899ko udan hil zen. Bere hil kapera udaletxeko areto nagusian jarri zen. Cipriano Larrañaga, orduan Irungo alkate zenak, izaera zintzoko eta denen gustoko pertsonatzat definitu zuen”. (2) 1924an hiriko kale bati bere izena ipini zitzaion, baina hamahiru urte geroago, 1937an, bere izena kendu eta II. Errepublikaren aurka altxatutako militar baten izena jarri zuten, gaur arte (3).

Nicolas Guerendiain Salaberri (1900-1937) semea, bere aita ezagutu gabe jaio zen, aita hil eta zortzi hilabete geroago jaio zen eta. Abokatua, Irungo Udal Epaile izendatu zuten 1931ko abuztuan. 1936an ospatutako Alardean jeneral ere izan zen, non bere anekdotarik nagusiena bota zuen sanmartzialetako oihua izan zen: “Gora San Martzial laikoa” (1936/07/01eko DV egunkariko albistea, oihu horri buruzkoa). Ez zuen seme-alabarik izan, Soledad Iparraguirrerekin, Venancio Iparraguirre doktore jaunaren alaba, ezkondu eta berehala gerran murgilduta ibili zelako.

Ezagutu zutenek haren memoria goraipatzen dute: xumea, alaia, borrokalari nekaezina eta beti ondokoak laguntzeko prest. Tokiko Federazio Errepublikarraren Batzorde Exekutiboko partaide izan zen 1931n eta “Rosa Luxemburgo” batailoian komandante izatera iritsi zen, Errepublikaren aurkako altxamendua eta gero.

Amilibiak kontatzen duenez, “akzioan sartu zen lehenengo egunetik bere leialen ondoan. Antolatzaile bikaina, Cristobal Errandonearekin batera parte hartu zuen Irun eta muga defenditzen, eta gero etengabeko zereginetan jardun zuen borrokak zeuden frenteetan, Santanderko tranpan erori zen arte. Ez zuen pentsatu hala ere, gutako askok bezala, hiritik ihes egiterik. Udaletxean jarri zen, bertan antolatu zuen aginte postu moduko bat, kaosa gero eta handiagoa zen tokian ordena jartzen saiatu zen, kableak bidali zituen laguntzarako ontziak eskatzen, eta ez zion borrokatzeari utzi aurkaria bera zegoen aretoan agertu zen arte”(4). Bere azkeneko esaldietako bat zera izan zen: “Baina zaren bezalakoa zara. Hori ezin da aldatu. Egon ziur, gauzak berriz gertatuko balira, orain egin dugun gauza bera egingo genukeela”(4).

Irun defenditu zuen garaian, eta altxatutako tropak berehala sartuko zirela ikusten zenean, Guadalupeko gotorlekuan atxilotuak exekuta ez zitzaten lagundu zuen, batzuk hala egiten saiatu baitziren; baina hilabete batzuk beranduago, horietako batek bere hilketan lagundu zuen.

Santoñan (Santander) atxilotuta egon zenean, bertara bere bila joandako irundar talde bati entregatua izan zen. “Nicolasi nahikoa izan zitzaion bere bila zebiltzanak zeintzuk ziren ikustea, begirada hiltzaile haietan bere destinoa idatzita zegoela ikusteko. Bere kideak lasai agurtu zituen”(4) Irunera eraman zuten, eta udaletxeko altxortegian giltzapetu ondoren, ihes egitea lortu zuen apaiz nazionalista batekin, “hiriko kaleetan ibili zuten lotuta, irainduta, laidotuta, kolpatuta... Dena jasan zuen adorez. Heriotza bera ere bai. Ez zuten heriotzara zigortu... Besterik gabe, torturatu, martirizatu, hil egin zuten”(4)

Familiako iturriek diotenez, Berako harrobietan fusilatu zuten. Bere bi arrebek, Marichu eta Asuncion, Elkarte Apostolikoko Alaba erlijiosoak, Iparralde hiribidean zeudelarik, egindako gestioen ondorioz anaiaren gorpuzkinak entregatu zizkieten, hileta ospakizunik ez egiteko baldintzarekin, eta Irungo panteoi familiarrean utzi zituzten, non dirudienez gordetzen diren.(5)

 

1.- 232-233. orrialdeak, “Títulos del Reino concedidos a navarros.... 1.949”, egilea Antonio Pérez Azagra y Aguirre.

2.- 178. orrialdea. Liburua: “El fenómeno del republicanismo en Irun durante la restauración borbónica”. Egilea: Aitor Puche, Irungo Udalaren argitalpena

3.- Jose Monjeren “Los nombres de las calles de Irun” liburua, Irungo Udalaren argitalpena.

4.- 189-190. orrialdeak. Liburua: “Los Batallones de Euskadi”. Egilea: Miguel de Amilibia, Txertoa editoriala.

5.- Hainbat datu familiako iturrietatik jasotakoak dira.

 

“Nicolas Guerendiain” Irungo Errepublikarrak

Irunen urriaren 2005