Nostalgiko batzuek apirilaren 14a, alegia, Espainian bigarren Errepublika aldarrikatu zen eguna ospatzen duten hilabete honetan, gure oroitzapenera Isabel Andrés Martín andrearen figura txikia etortzen zaigu; emakume hori 1876an Villarino de los Airesen jaio zen (Salamanka), alarguna zen, errepublikazalea hezurretaraino, Espainiako gerra zibilaren ondorioz bere bi seme kartzelan edukia. Biak karabineroak ziren. Tenientea bata; sarjentua, bestea.
Irunera bizitzera etorria zen emakume hark bere etxean kutxa bat zuen milaka pezetarekin; pezeta haien balioa indarrik gabe utzia zuten, Errepublika garaian inprimatuak izan ziren eta. Emakume hura ez zen banketxeez fidatzen eta horregatik Salamankako bere lurren salmentagatik kobratutako guztia etxean zuen gordea.
Etengabe kexatzen zen gerra galdu izanagatik eta, ondoren, bi seme gartzelan izateagatik. Kexu horiei beti lelo hau eransten zien: Ea berriz itzultzen den Errepublika eta balioa ematen dioten nire diruari.
Bere semeak kartzelatik atera zirenean, tenientea hil egin zen handik gutxira, tuberkulosiak jota atera baitzen. Bestea Frantziara joan zen bizitzera eta ez zen berriz itzuli Espainiara. Han dago lurperatuta bere emaztearen ondoan.
Janaridenda zuen beste seme bat bazuenez gero, emakumea egunero pasatzen zen Hendaiara, bere bizitokia zuen Larretxipi kaletik oinez joanez Errepublika plazaraino; eta besotik zintzilik saskitxo batean kafe paketetxo bat ekartzen zuen, eta sakarinak, eta beste elikagairen bat gonapean gorderik; izan ere, gerra osteko garai haietan bere semea estraperloan aritzen baitzen saltzen. Saskian bi pakete kafe zekartzan egun batean mugan zegoen guardia zibilak atentzioa deitu eta paketeetako bat Hendaiara itzuli behar zuela esan zion (bat bakarrik uzten zuten pasatzen). Isabel andreak –haserre, oso- Frantziako Hiribideko Nazioarteko Zubian agintzen zuen nagusia etortzeko eskatu zuen. Etorri zen sarjentua eta emakumeak esan zion: Esaiozu txolin honi (guardia seinalatuz) uzteko niri kafea pasatzen. Nik bi seme karabinero izan ditut eta Franco gizagaizto horren erruz –traidore bat izan baitzen, zeren eta Errepublikako bandera zin egin eta gero hura saldu egin baitzuen- bada Francoren erruz, bata orain hilda dago, eta bestea auskalo nola dabilen orain Frantzian. Gerra irabazi izan bagenuen, nire semeak graduazio handiko militarrak izango ziren, eta ez nuen kafe pakete ziztrin hauek pasatzen ibili beharrik izango.
Pentsa, nolako iskanbila, 50eko urte haietan: amona bat, garraxika, Francori buruz gaizki esaka!! Zer egin zezakeen sarjentu hark? Preso sartu eta emakumetxo zahar hark eragingo zuen zalapartari aurre egin? Zentzuzkoena egitea erabaki zuen. Eta hala esan zion: Hara, andre, segi ezazu bi kafe paketetxoekin aurrera, baina saiatu ez abusatzen. Eta, batez ere, ez gaizki hitz egin Generalíssimoaz; arazoak izango dituzu, bestela. Isabel andreak eskerrak eman eta alde egin zuen.
Hurrengo egunean koadro eder bat eraman zuen Abenidako zubira; bertan, bere bi semeak, Madrilgo Akademia Militarrean ikasle ziren garaian agertzen ziren. Berriz ere Isabel andreak sarjentua etor zedila eskatu zuen: Ea, datorrela kapitaina! -esan zion guardiari (amona hark sarjentuaren graduazioa kolpe batean igo zuen). Sarjentua etorri eta bere buruari zera esan zion: kaka zaharra, berriz hemen duk atso hau! Kuadroa sarjentu gaixoak ezezik hango guardia guztiek ere ikusi behar izan zuten; bitartean amonak aurreko eguneko hitzak errepikatzen zituen eta Francoren aurka jo eta ke ziharduen. Istilua, berriz ere, piztua zen. Handik pasatzen zen jendea geratu egiten zen eta sarjentu gaixoak e zekien zer egin. Zer egin behar dut atso honekin? Galdetzen zion bere buruari. Atxilotu ala kontrarik egin ez eta alde egiteko esango diot? Berriz ere bigarrena aukeratu zuen, baina orduan guardiak bildu eta esan zien: Hurrena amona hau etortzen denean, lehenbailehen pasa dadila. Kasu handirik ez egin. Eta nigatik galdetzen badu, esaiozue ez nagoela. Atso honek istiluren batean sartuko gaitu edozein egunetan!
Ordutik aurrera, horrela esaten zuen Isabel andreak Zubira iristen zen bakoitzean: Kapitainaren laguna naiz, non da bera? Sarjentua (amonak kapitain mailara igoa) ezkutatzen saiatzen zen, eta txanda egiten ari zen guardiak agur militarra egiten zion, eskua kapelura eramanda (ezagutzen baitzuen andrea): Pasa, andrea, pasa. Isabel andreak, etxera iristen zenean, zera esaten zuen, harro-harro: Zubitik pasatzen naizenean, guardiek militarki agurtzen naute. Hori da begirunea, hori! Ezta Isabelina Erregina banintz ere!
Emakume hori alfabetatu gabea izango zen, baina ez tuntuna, alajaina, eta “muga erraz pasa zezakeen" kontu horretaz baliaturik, bere bidaietan beste gairen bate ere sartzen zuen.
Bidaiek, nahiz eta beharrezkoak izan ez, 60ko hamarkadaren erdialderarte edo iraun zuten. Eta garai horretan hil zen, 90 urtetik gora zituela. Errepublika noiz itzuliko ote zen amestuz hil zen. Orain biziko balitz, nostalgiko batzuek apirilaren 14an antolatzen duten ospakizun txiki honen lehen iladan egongo litzateke, seguru.
Memoria historikoaz hainbeste hitz egiten den garai honetan, nik nire amona Isabelena aldarrikatzen dut.
José Silguero