"Nicolás Guerendiain"
Irungo Errepublikarrak
Balio errepulikarren defentsa eta oroimen historikoaren berreskurapena

Errepresioa Irunen • Preso irundarrak Ondarretako espetxean (1937-1947)

Jatorria: Aiala Oronoz Mitxelena

Ondarretako espetxea
Ondarretako espetxea. Argazkia: Kutxateka, Marin, 1940

Sarrera

Urteak pasa eta memoria historikoa berreskuratzeko politikak zerbait ireki badira ere, gaur egun, halere, oraindik ez dakigu zenbat irundarrek jasan zituzten kondenak altxamendu militarraren delituengatik gerraren urteetan, eta, gero, Francoren diktaduran. 1939ko apirilaren 1ean argitaratu zen azkeneko gerra-bandoa, eta ez zuen iragartzen batailaren amaiera alde errepublikanoko kideentzat, alderantziz, milaka eta milaka pertsonak jasan zuten zuzenean edo zeharka altxamenduaren kontra aritzea ahaztu ez zuen eta barkatu ez zuen erregimen baten errepresio basatia, gerra ondorengo egoera luzatuz eta legeak, dekretuak eta aginduak argitaratuz erregimen frankistaren beharretara egokitzen zen legegintza-eszenatoki batean. Estatua tropa nazionalek okupatu zutenean, kartzelaratzeak etorri ziren, sumario-prozesuak, fusilatzeak eta kondenak, eta baita bizitza publiko eta pribatua inbaditzea ere. Eta Espainiako kartzelak lepo bete ziren, pilatuta zeuden presoak, eta presondegi batzuetan, berez zuten tokia baino zortzi aldiz gehiago izaten ziren. Gerrako presoak, preso politikoak, geroko presoak, gobernu-presoak eta abar luze bat; horiek zetorren kolapsoari aurre egiteko diseinatutako legegintza-sare batean soilik izan zuten irtenbidea.

Presondegietako espedienteak Gipuzkoako artxibo historiko probintzialean

2007 eta 2008 urteetan, Donostiako Martuteneko Presondegitik, 1887-1973 bitarteko 14.385 presondegi-espediente transferitu ziren, gehienak 1936-1959 bitartekoak, Tolosako Barrutiko Presondegikoak, Azpeitiko Barrutiko Presondegikoak, Saturrarango Emakumeen Presondegi Nagusikoak eta Donostiako Presondegi Probintzialekoak. Gipuzkoako Artxibo Historiko Probintzialean (Oñati) daude, beraz, gerran eta gerra ondorenean Ondarretako kartzelan egon ziren presoen espediente batzuk; Donostiako Presondegi Probintziala zuen izen ofiziala. Funts horretan, 486 presondegi-espediente identifikatu dira, guztira, 1937 eta 1947 bitartean Donostiako Presondegi Probintzialean sartu zituzten 464 irundarri dagozkienak. Artxiboan ez dago Donostiako Presondegi Probintzialari buruzko beste dokumentaziorik, eta ezin da zehaztu zenbat irundar pasa ziren benetan presondegi horretatik, eta, jakina, ezin da, era berean, espediente horietan islatuta geratu ez den beste edozein errealitate dokumentatu, esaterako, zenbat irundar prozesatu eta/edo kondenatu zituen justizia militarrak, edo fusilamendu-kasuak, hala nola Francisca eta Faustina Ruiz Garcíarena 1938ko martxoaren 25ean, Donostiako Presondegi Probintzialean kartzelaratu ostean.

Nahiz eta prozesu judiziala egiten zen denboran presoak Donostiako Presondegi Probintzialean egoten ziren, kausa erabaki ondoren, kondenatuak bere kondena betetzera eramaten zituzten presondegietara eramaten zituzten espedienteak ere, eta soilik kasuren batean-edo geratzen zen jasota lekualdatze hori Donostiako Presondegi Probintzialari buruzko dokumentu-funtsean. Kontserbatu diren espedienteak, beraz, oro har, Donostiako presondegitik bertatik askatu zituzten presoei zegozkienak izango lirateke.

Preso irundarrei dagokien espediente kopurua gahp-n

IRUNEN JAIOA ETA IRUNEN BIZI DENA 165 %36
BESTE LEKU BATEKOA ETA IRUNEN BIZI DENA 239 %51
IRUNEN JAIOA ETA BESTE NONBAIT BIZI DENA 605 %13
PERTSONA IDENTIFIKATUAK 464

Presondegietako espedienteak informazio partziala eskaintzen dute altxamendu militarrarekin loturiko delituengatik prozesatutako eta/edo kondenatutako irundar-kopuruari dagokionez. Hala ere, aukera ematen dute datu batzuk eskuratzeko jurisdikzio militarrak zuen pisuaz preso irundarren testuinguru zabalenean. Espediente identifikatuak, guztira, 510 prozeduratakoak dira, jurisdikzio eta aginte desberdinetakoak, 464 preso irundarrenak guztira. Irundar horietatik, 404 Irunen zuten ohiko helbidea preso hartu, atxilotu eta prozesatu zituzten unean. Nahiz eta jaiotzez Irungoak izan baina ohiko helbidea Irundik kanpo zuten 60 presori buruzko datuak ere jaso diren, ohiko helbidea Irunen zuten irundarrei buruzko datuak dokumentatzen dira lan honetan: 371 gizon eta 33 emakume. 404 preso irundar horien artean, 432 kartzelaratze identifikatu dira, hau da, kartzelaratzeen % 6,5 prozeduren ondorioz gutxienez bi aldiz preso eramandakoei zegozkien.

Kartzelaratze kopuruaren banaketa jurisdikzio eta aginteen arabera

JURISDIKZIOA INGRESOS PORCENTUAL
JURISDIKZIO MILITARRA 256 %59,2
JURISDIKZIO ARRUNTA 84 %19,5
GOBERNUAK ATXILOTUAK 79 %18,3
DELITU MONETARIOEN EPAITEGIA 6 %1,4
OGASUNEKO ADMINISTRAZIO JUNTA 6 %1,4
ALFER ETA GAIZKILEEN AUZITEGIA 1 %0,2
432

Donostiako presondegi probintziala

Presondegi Zerbitzuen Erregelamenduak(1) atxiloketa penak betetzeko finkatu zituen presondegi probintzialak, eta atxilotuak eta prozesatuak sumarioa izapidetu bitartean, ohizko judizioa egin arte, bertan egoteko, eta beti Gipuzkoakoak bertakoak baziren. Horren ondoren, zigorraldia betetzeko presondegi batera lekualdatzen zituzten. Zigorra edozein izanik ere kondena guztiz betetzeko sei hilabete baino gutxiago falta zuten zigortuek ere auzitegi epai-emaileari (kasu honetan, Donostiako Auzitegi Militarra) zegokion presondegi probintzialean beteko zuten kondena. Egia da Donostiako Presondegi Probintzialean (DPP) kondena iraungi izan zutela altxamendu militarraren delituengatik seigarren erregio militarraren barrutitik kanpo kondenatutako preso batzuek. Kontzentrazio-presondegi gisa ere erabili izan zen DPP, 1942 eta 1944 bitartean ezarri zituzten zigor-destakamentuetan lan egiteko Gipuzkoara ekarri zituzten presoentzat. Aldi berean, eta DPPko kongestioa arintze aldera, presondegiak gaitu ziren Irunen eta Donostian, azken hau “Zapatari” izenekoa, eta, halaber, preso kondenatuak kartzelaratu ziren Tolosa eta Azpeitiko Barrutietako presondegietan ere. DPPn, gizonak nahiz emakumezkoak sartzen zituzten. Irundar baten presondegi-espedientearen azalean ohar hau irakurtzen da: “Erne. Urte eta erdiko haurtxo bat sartu da".(2) Presondegian era askotako presoak zeuden, hala nola, preso kondenatuak, atxilotu prebentiboak –politikoak nahiz komunak, beren kausen ebazpen judiziala epaitegi militarrek eta epaitegi arruntek noiz erabakiko zain– tasa-fiskaliak atxilotutako presoak, iragaitzazko presoak eta abar luze bat oraindik zenbatu eta aztertu gabe dagoena. Jakinkizun gehien pizten duen gaietako bat "gobernuak" atxilotutakoena da. Gobernadore zibilaren aginduz eta haren esanetara kartzelaratutako pertsonak, eta, halaber, haren aginduz askatuak. Inongo epaileren esku-hartzerik gabe, gobernadore zibilak kartzelaratzeko gaitasuna zuen; batzuetan atxilotuak inkomunikatzeko aginduekin, eta askatu ere bere erabakiz askatzen ziren. Irungo kasurako, “gobernu” atxilotuen kopurua ia delitu arruntengatik kartzelaratutako presoen kopurura iristen da. 67 pertsona, 56 gizon eta 11 emakume, sartu zituzten presondegian gobernadore zibilaren aginduz 79 alditan. Espedienteek ez dute asko argitzen irundar horiek zergatik kartzelaratu ote zituzten. Presoaldi subsidiarioa betetzeko 9 kasuak –egun 1 preso, 10 pezatako isuneko, jatorriz zirkulazio klandestinoagatik, kontrabandoagatik eta iruzurragatik isunak ordaintzera kondenatuak izan zirelako– probintziatik 4 kanporatze-kasu; beste 4 lekualdatze beste presondegi batzuetara eta 2 atxiloketa izan ezik, gainerako kasuetan (% 75,94) “atxilotua” edo “prebentiboa” oharrak bakarrik zehazten dira.

Jurisdikzio militarra

Lehenago ikusi den bezala, Presondegietako Zerbitzuei buruzko Erregelamenduak xedatzen zuen atxilotuak eta prozesatuak sumarioa tramitatu bitartean egongo zirela DPPn, judizioa egin arte, eta baita zigorra erabat iraungitzeko sei hilabete baino gutxiago falta zuten zigortuak ere. Harrigarria da, beraz, presondegian mantentzea altxamendu militarraren delituengatik kartzelaratutako 50, gerra-kontseilua egin eta bete beharreko zigorrak dekretatu ondoren.

Altxamendu militarraren delituengatik identifikatutako kartzelaratze kopurua

ALTXAMENDURA ATXIKITZEA HERIOTZA ORDEZTUTAKO BIZIARTEKO KARTZELA – 30 URTE 1
BIZIARTEKO KARTZELA – 30 URTE 7
ALTXAMENDUARI LAGUNTZEA 20 URTE 3
20 URTE ETA 12 URTE ETA EGUN 1 BITARTEAN 29
12 URTE ETA EGUN 1 4
12 URTE ETA EGUN 1 BAINO GUTXIAGO 2
EZEZAGUNA 3
EZEZAGUNA ALTXAMENDUA ABSOLBITUA 1
GUZTIRA 50

Preso horiek zergatik egon ziren DPPn eta ez ziren lekualdatu zigorra betetzeko beste presondegi batzuetara? Galdera horri, hain zuzen ere, ez diote erantzuten presondegi-espedienteek. Nolanahi ere, “faboritismoagatik” izan edo administrazio-omisioengatik, irundar horiek beren familiar eta lagunen ondoan bete ahal izan zuten bere kondenaren zati bat, eta ondorioz, beste preso askok eta askok gozatu ezin izan zuten euskarria (dirua, elikagaiak) edukitzeko abantaila izan zuten. Esaten dugu preso horiek bere kondenaren zati bat bete ahal izan zutela, zeren, dagoeneko 1940ko apirilean, gerra bukatu eta urtebetera, hasi baitziren kartzelak gerrako presoez husteko lehenengo neurriak hartzen. Lan eginez penak luditzea, sistema horren bidez presoak bere kondena lan-egunen arabera murrizten (luditzen) baitzuen, irabazizko irtenbidea izan zen bai Estatuarentzat bai milaka eta milaka presok lan egin zuten enpresa pribatuentzat, baina berez ez zuen konpontzen Estatuko kartzela guztietan zegoen presoen gainpopulazioaren arazoa. Konponbidea izan zen presondegien legeria presondegi-sistemaren beharretara egokitzea betiere generalisimoaren "eskuzabaltasuna" bete-betean agertzen zuen eta, aldi berean, Estatu Berriaren ildoak azaltzen zituen diskurtso batean. 1940ko urtarrilaren 25eko Aginduarekin erregulatu eta finkatu ziren matxinada militarrarekin zerikusia zuten delituetarako penak. “Helburua zen gerta zitezkeen desberdintasunak urruntzea ahal zen neurrian, hain zuzen ere kasu ugaritan gertatu baitzen hori, kausa batzuetan irizpide-berdintasunik ez zen-eta egon larritasun bereko delitu berberak pena berdinekin epaitu eta zigortzeko"(3). Ez Agindua argitaratu ondoren epaituak izango zirenentzat soilik. Legeak atzera begira 1936ko uztailaren 18tik 1939ko apirilaren 1era bitartean egindako delitu guztiak hartzen zituen. Baina tesitura horretan ere, gerra-kontseiluek sistematikoki epaitzen zituen matxinadari atxikitzeagatiko delituetarako 30 urteko kartzelako penak eta matxinadari laguntzeagatik 12tik 20 urtera bitarteko penak, eta soilik "berebat" proposatzen ziren lege berriak jasotzen zituenagatik ordezteko. Gerrako presoak, nahiz eta kondenatu-izaera izan, ordezte horiengatik kartzelatik ateratzen hasi ziren, hainbat formatan, esaterako, presoaldi arindua, baldintzapeko askatasuna eta berariaz formulatutako “behin-behineko baldintzapeko askatasuna”.

Espetxeratzeen eboluzioa delitu eta prozedura moten arabera

Gerra-kontseiluak ez ziren amaitu gerra amaitutakoan ere, ezta altxamendu militarra esaten zitzaion horrekin loturiko delitu gehienak epaituak izan zirenean ere. 1943ko abenduaren 12an, 17 gizon epaitu zituzten Donostian, gerra kontseiluan, “Nazio espainiarra eta haren batasun-sentimendua laidotzeagatik”. Haien artean zeuden irundar hauek: Julian Echeveste Galarza, Alfonso Echeveste Eizaguirre, Juan Jose Miron Choperena eta Rafael Muiño Marticorena. Horiek urte horretako urtarrilaren amaieran kartzelaratu zituzten DPPn. Epaian, adierazten zen haiek guztiek, “aurrekari politiko separatistak zituztela, eta 1943ko urtarrilaren 3an Hondarribiko Jauregui Hotelean bildu zirela, Celestino Jauregui establezimenduko jabearen semearen ezkondu aurreko agurra ospatzeko”. Bazkariaren bukaeran, “zenbait kanta kantatu zituzten gaztelaniaz eta euskaraz”, bilerari “euskal nazionalismoa goresteko ukitua” emanez, ereserki separatista hasi zenean, “lokalaren jabeak gramolan Himno Nazionala jarri zuenean” protesta egiteko. Horren guztiaren ondorioz, “bazkaltiar batzuk joan egin ziren lokaletik, beren sentimendu patriotikoak mindu zituztelako”. Epaiak dio ezen “prozesatuak mozkortu samar zeudela gertaeren unean eta bilera publizitaterik gabe gertatu zela lokalaren barruan, jangelan”(4). Absolbitu egin zituzten Julian Echeveste Galarza eta Alfonso Echeveste Eizaguirre; hiru hilabete inguru egon ziren DPPn. Gainerakoak urtebeteko kartzelara kondenatu zituzten, eta bi urteko gaitasungabetzea ezarri zieten karguak eta funtzioak betetzeko, eta zigor horien osagarri: kargua eta boto-eskubidea etetea kondenak irauten zuen bitartean. Beste kausa batean, Narciso Pujol Urtizberea irundarra eta beste bost prozesatu zituzten 1944ko ekainaren 19an egin zen gerra-kontseiluan. Sei hilabeteko atzipenaldi handiarekin kondenatu zituzten, eta horren osagarri: kargua eta boto-eskubidea etetea kondenak irauten zuen bitartean eta lau urteko gaitasungabetzea ezarri zieten karguak eta funtzioak betetzeko, “nazio espainiarrari isilpeko laidoak” egin zizkielako, eta 1940aren hasieran "hainbat aldiz" Angel Velasco erreketeari "probokatzeagatik" "kanta iraingarriekin eta "Gora Errusia" eta "Gora Azaña" ” oihu subertsiboekin(5). Beste gertaera batzuk ere, eguneroko testuinguruetan eta gerra-inguruabarretik guztiz urrun, gerra-kontseiluan epaitu zituzten, “Erregimenaren aurkako adierazpenak”, Estatu-buruaren aurkako irainak” eta “Indar Armatuari egitez iraintzeko joera zuten ekitaldiak egiteagatik” bezalako delitupean. Beste delitu arrunt batzuk, hala nola “lapurreta” eta “gorpu-profanazioa”, testuinguru militarrean epaitu ziren, eta alderantziz, jurisdikzio militarrean hasitako kausak, azkenean, jurisdikzio arruntera inhibitu ziren. Hala izan zen, 1945. eta 1946. urteetan estatuaren segurtasun politikoaren aurka egindako delituetan zigortutako zazpien kasuan.

Preso prebentiboak

1940ko urtarrilaren 11n, ministro-agindu bat argitaratu zen BOEn, atxiloketak eta kartzelatik ateratzea erregulatzen zituena. Haren atarikoan, erregulazio hori zergatik egin behar zen arrazoitzen zen: “Iraultza gorri kriminalaren tamainak legeriak aurreikusi ezin zituen egoerak eragin dizkio Nazio espainiarrari, behin betiko erregulatu ezin direnak, unean unekoak direlako”(6). Halaxe zen, inguruabarrak salbuespenezkoak ziren. Amnistia orokor batek ezezkoa jasotzen zuenez gero, beharrezkoa zen justizia militarrak kondenatu zitzakeen espainiar guztiak erruztatzea; eta, aldi berean, neurriak hartzen hasi ziren, kartzelak husteko, estatu osoan atxilotu eta presoen pilaketak sortzen zuen alerta-egoeraren aurrean. Horrela, Aginduak jarraitzen zuen esaten ezen “Arauak eman beharra dagoela, betiere, nahiz eta errudunaren inpunitatea saihestu behar duten, oreka juridikoa berrezartze aldera kalte eta enbarazu handiagorik sortu gabe”. Atxilotu ondorengo hogeita hamar egunetan agintariek presoaldia berresten ez zutelako presoak askatzeak azkartu egin zuen irundar asko espetxetik ateratzea. Presondegietako egoera dramatikoa zen, agindu berrian jasotako neurri batzuk xedatzen zutena kontuan hartuz. Adibidez, epaile instruktoreak (Irungo kasuan mugako epaile militar berezia) ez zuten presoaldia berretsiko, uste bazuten, oinarrituta betiere, “ezarri litekeen pena ez zela izango hamabi urte eta egun batetik gorakoa".

Justizia militarraren ebazpenen bidez kartzelatik ateratze prebentiboen kopurua

SUMARIOKO PROZESUAK BEHIN BEHINEKO LARGESPENA 18
EBAZPEN EZEZAGUNA 51
AURRETIKO EGINBIDEAK ERANTZUKIZUN ADIERAZPENIK GABE 31
EBAZPEN EZEZAGUNA 42
PROZESU EZEZAGUNA EZEZAGUNA 38
GUZTIRA 180

Gipuzkoako Artxibo Historiko Probintzialean gordetako presondegi-espedienteetatik, ez da ondorioztatzen zergatik instruitu zitzaizkien aurretiko eginbideak eta sumario-prozedurak 180 irundar horiei. Ferrolgo Artxibo Militarrean sumarioak aztertuta, ikuspegi zabalagoa hartzen da zergatik atxilotu zituzten, zein agintarik agindu zuten atxiloketa eta presondegian sartzea eta zein agintariren pean geratu ziren “esanetara”. Nolanahi ere, nahiz eta “aurretiko eginbideen” eta “sumario-prozeduren” arteko aldea, hain zuzen, azkartasuna izan gertaerak argitzerakoan, datuek diote bi prozeduretan auzipetutakoek jasan zutela presoaldi berbera eta kasu askotan, gainera, atxilotu “prebentiboek” presoaldi luzeagoak jasan zituztela bere kondena Donostiako Presondegi Probintzialean bete zuten irundar batzuek baino. Irundarren atxiloketa prebentiboen kasuan identifikatu den espetxeratze egun-kopuru maximoa Manuel Alzaga Arambururena da, 37 urteko txoferra bera, atxilotu eta inkomunikatu zutena Constantino Ibarbia Manterola 39 urteko aduana-agentziako langilea baino egun batzuk geroxeago, 1938ko urtarrilaren 31n. Manuel Alzaga 1.096 egun egon zen kartzelan, Donostiako 7 zk.ko Epaitegi Militarraren pean, 1941eko urtarrilaren 31n askatasuna dekretatu aurretik. Constantino Ibarbia 728 egun egon zen, presoaldi arinduaren egoeran askatu arte 1940ko urtarrilaren 27an. Oro har, preso prebentibo irundarren erdiak hiru hilabetetik gora egon ziren preso, eta guztien ehuneko berrogei, gutxienez, urte erditik gora egon zen Donostiako Presondegian.

Preso kopurua kartzela aldiaren arabera justizia militarreko prozeduretan

(1) Gaceta de Madrid, , 325. alea, 1930eko azaroaren 21ekoa.

(2) GAHP, Martuteneko funtsa, 2850/25.

(3) 1940ko urtarrilaren 25eko agindua, prbintzia bakoitzean Batzorde bat eratzen zuena, “Zigor-azterketa” izena izango duena, BOE, 26. zk., 1940ko urtarrilaren 26koa, 662. or.

(4) AHPG, Fondo Martutene, 3569/4.

(5) GAHP, Martuteneko funtsa, 3632/60.

(6) 1940ko urtarrilaren 9ko agindua, atxiloketak eta kartzelaratzeak erregulatzen zituena. BOE, 11. zk., 1940ko urtarrilaren 11koa, 229. or.