NOTICIAS DE GIPUZKOA (07/10/04)

Joaquín Gálvez Prieto, atzerriratu irundarrak

Hamahiru urte nituenean, Irun eta Hondarribia ziren nire munduaren erdigunea

84 urte dituela, hiru aldiz soinean zeramanarekin soilik atera behar izan arren egun Donostian bizi den Joaquín Gálvez irakurketan eta ahaztuta egon direnen memoria berreskuratzen murgilduta bizi da. Gaur, 19:00etan, Amaia Kultur Zentroan, 13 urte edukitzea 36an zer zen kontatuko du.

Joaquín Galvezen argazkia

Joaquin Galvez Donostiako etxebizitzan, bere idoloetako bat den Charles Chaplinen argazki batekin.Foto Argazkia: x.s.

DONOSTIA. Joaquín Gálvez Hondarribiko Arma plazan jaio zen, baina txikitan Irunen jarri zen bizitzen, aitak Irunen bertan lan egiten baiztuen karabinero. Gerra zibila hasi zenean, bat-batean ihes egin behar izan zuen Bartzelonara hasiera batean, eta geroago, Frantziara. 13 urte zituen bere bizitza markatuko zuen gatazka hasi zenean: atzerriratu behar izan zuen, zeukan anaia bakarra Madrilen fusilatu zuten, eta aita Mauthausengo nazien sarraskitze-eremuan hil zen. Gaur bere esperientzia kontatuko du Irungo Elkarte Errepublikarrak antolatu duen Oroimenaren Foroan.

13 urte edukitzea 36an filmak zure bizitzaren historia kontatzen du. Nola sortu zen filma egiteko ideia?

Urtetan hainbat hitzalditara joan izan naiz jendeari zer gertatu zen kontatzera. Haietako batean sortu zen ideia. Donostiako Axular institutuan izan zen. Han, Kepa Gonzalez filmaren zuzendaria hurbildu zitzaidan, eta elkarrizketa egitea eta nire bizipenak dokumental moduan biltzea proposatu zidan.

Aktiboki lan egiten duzu oroimen historikoa berreskuratzeko mugimenduan, beste kargu batzuen artean, Mauthauseneko Amical erakundearen Euskadiko ordezkaria zara. Batzuek esaten dute irekitzen ari direla itxita zeuden zauriak, zer pentsatzen duzu horietaz?

Zeregin honek bizitza eta aurrera jarraitzeko gogoa ematen dizkit, dauzkadan urteak edukita. Eta ez, kontua ez da zauriak irekitzea ezta inor salatzea behatz akusatzaileaz. Nik uste dut zuzena dela datozen belaunaldiek jakitea zer gertatu zitzaigun askori, zergatik gertatu zen eta gertatutako historiatik ikas dezaten, berriro errepika ez dadin. Berdin balio du Espainiako Gerra Zibilerako zein kontzentrazio eremuetan egin ziren astakerietarako. Batez ere, moralezko ordaina jasotzea bilatzen dugu, betiere gorrotatzeko eta errebantxa hartzeko asmorik gabe.

Nola gogoratzen duzu 13 urte zenitueneko Irun hiria?

Umearen begiekin gogoratzen dut: niretzat, nire munduaren erdigunea eta ardatza zen: Real Union taldea, Elgorriaga txokolateak eta nazioarteko Zubia. Oso hiri kosmopolita zen, baita Europarako pausua ere, geroago, urte luzeetan izan den bezalaxe. San Martzialeko jaiak gogoratzen ditut, baita Txokolate Eskola deitzen genuena eta izan nuen Juan Isaías Moreno irakaslea. Irun eta Hondarribia ziren eta dira niretzat onena.

Frantziara atzerriratu ondoren, Bartzelonara joan zen eta berriro pasa zuen muga gerra amaitzean. 1944an itzuli zen Euskadira eta Donostian jarri zen bizitzen. Nolakoak izan ziren gerraosteko urte haiek?

Ia barneko atzerriratze bat bezala izan zen. Gerra iraun zuen urteetan gazteegia nintzen alderdi batean edo milizia batean sartzeko. Ama eta biok bizirik ateratzen saiatu ginen; gosea, bortxazko lanak eta hamaika gabezia pasa genituen. Hamaika gauza konta nitzake gerraosteaz. Adibidez, soldadutzan, kapitain batek neu aukeratu ninduen inteligentzia-fitxategiak eramateko. Hango zerrenda batean aurkitu nuen nire izena. Susmagarritzat hartu ninduten. Eta nire aurka zeukaten gauza bakarra, esateko modu bat besterik ez da, anaia eta aita galdu egin nituela zen.

Oso tentsio handiko urteak izango ziren, ezta?

Beti zaintzapean nengoen susmoaz bizi nintzen eta xehetasun askok gogoratzen zizuten erregimenak markatuta zeundela. Gogoratzen dut Franco Donostiako Aste Nagusiko zezen korridetara etortzen zen urteetan Mirakruz kalean bizi ginela. Astebete lehenago, han bizi ginenon etxeetara etortzen ziren eta leihoak eta ateak erabat ixteko esten ziguten, diktadorea handik pasatzen zenean, atera ez gintezen.

Itzuli al zinen urte haietan txikitako Irun eta Hondarribira?

Beti izan nituen han nire txikitako lagunak, eta askotan joaten nintzen hara, nire emaztearekin. Gogoratzen ditut Hondarribian emandako udak, Lekuona tabernan egindako bazkariak. Eta, jakina, ez nuen inoiz huts egiten sanmartzialetan. Eta asko gogoratzen naiz Palmerako Juan Wollmer ingeniariaz. Biziki poztu nintzen jakin nuenean kale bat eskaini zitzaiola Irunen. Lana eman zion ahal izan zuen jende guztiari, nor zen bakoitza begiratu gabe, nahiz eta oso garai zailak ziren haiek.

Uste al duzu jendea arratsaldean Amaiara joango dela?

Dokumentalarekin joan garen lekuetara ez da jende gehiegi hurbildu. Espero dut Irunen hori bestelakoa izatea, eta batez ere, jende gaztea etortzera animatu nahi dut.