Datak: 2007ko apirilaren 10etik - 22ra
Lekua: Euskadiko Kutxaren erakusketa aretoan
Ordutegia:
Inaugurazioa: Apirilaren 10ean 19:00etan. Argazkiak eta aurkezpena
1936ko uztaileko eztanda ideologikoa, ideia argien, gertaera ezohiko eta askotan izugarrien uholde handi baten modukoa izan zen, eta une hartako baliabide teknologiko guztiekin propaganda sortu zen. Prentsak, irratiak, kartelak propaganda desberdina osatzen dute, horietako asko erabat berria, eta espainiarrengan sortu zuten susmoa zera izan zen, alegia, oso bizkor gertatzen ari ziren gertakari haiek begiratzen ziren tokitik begiratuta ere elkarri lotuta zeudela.
Gertakari hauen berri ematea, horietako asko erabat ulergaitzak eta ankerrak, propagandaren esku egon zen, eta hemen hartzen du garrantzi berezia kartelak, inork baino hobeto azaldu eta adierazi baitzezakeen gertaera bat, ideia bat, eskari bat, erregu bat, aholku bat, etab. Erabat hautsita zegoen orduan giroa, baina kartelaren indar espresiboa gogor errotu ahal izateko giro bikaina zen.
Borrokatu! Indartu! 100.000 boluntario! Zaindu! … Sinplea baina sendoa. Kartel politiko ororen mezuak dituen bi maila nagusietan ulergarria. Bat, testuak ematen duen mezua; bi, eduki artistikoaren indar artistikoa eta sinbolikoa. Kartela, beste edozein propaganda baino errazagoa da, adimen guztietara heltzen da, horiek intelektualak, burokratak, langileak edo analfabeto hutsak izanda ere.
Eraso behar bada, soldadu heroikoak eredu izango ditugu paperetik. Eutsi behar bada, miliziar adoretsuek beren barrikada sendoetatik eutsiko diote oldeei. Erruki izan behar bada, minez dauden amek eskua luzatuko digute laguntza eske.
Hauxe da errepublika garaiko lehen orduko kartelaren ezaugarria, berehalakotasuna. Berehala onartu edo baztertzen zela, begiratu bakarrean. Ez zen izan, beraz, gerrako notarioa, baizik eta gertaeren multzoak herri xeheari bidaltzen zion erreboluzio eta egunerokotasunaren notarioa. Hori guztia, Espainiako Errepublikan 1936ko azarora arte egon zen boluntarismo eta emergentziaren barnean.
Gerra eta politika aurrera joan ahala, kartel instituzionala sortu zen, kalitatean eta artean irabazi zuena baina irudimenean eta berezkotasunean galdu zuena. Hurbileneko sinbolismoaren indarra galdu zuen eta ideia lasaia, batzuetan preziosista, kalitate artistikoa hartu zuen, baina batzuetan errepikapena ere hartu zuen, eta gero eta desmoralizazio handiagoak eragindako indar falta ere bai.
1938. urtea txarra izan zen kartelgintza errepublikarrarentzat. Erretaguardia errepublikarrean giro astuna, mesfidatia dago, morala oso behean dago eta tailer asko itxi dira. Paper eta tinta eskasia dago. Oso kritika latzak egiten dira propagandan erabilgarri ote den zalantzan jarriz, baina garai honetan Renau-ren "Victoria" da denetan onena.
Kartelgintzari erreboluzio espainiarri bezala gertatu zitzaion; libre eta herrikoia jaio zen, gero kontrolatua eta gobernuaren menpe jarria izan zen, eta poliki-poliki hil egin zen porrotaren eta desmoralizazioaren erritmoan. Ika-mika eta polemika iturri ere izan zen, Renau, Gaya eta beste batzuek eduki zuten bezala, artistaren konpromiso politikoa zela eta.
Porrotarekin, kartel eta kartel egile errepublikarrak ahanzturan, espoliazioan eta oroimen historikoaren galeran erori ziren, errepublikar izandako oro bezala. Demokraziak ez zituen gauzak hobetu, Fontseré 1983an kexatu zen bezala.
Zorionez, Arnau anaien eta Jordi Carulla-ren liburuak merkatura irten zirenetik egoera hobetu egin da. Kartelgintzan adituak ziren kataluniar hauek, milaka kartel sailkatu, izendatu eta berreskuratu zituzten. Egindako sailkapenean metodologia bat erabili zuten eta batez ere horiei esker daukagu gaur aukera kartelak begiratzen gozatzeko.