EIBAR - MONTSERRAT ARMENGOU-K EGIN DU 'FRANKISMOKO UME GALDUAK' DOKUMENTALA (08/05/21)

"Iragana ondo onbideratzen ez duten herrialdeek arazo asko izan ohi dute"

TV3ko kazetari kataluniarra bihar dator, frankismoko biktima errugabeenei buruzko dokumentala aurkeztera.

FÉLIX MORQUECHO DV.EIBAR.

Montse Armengouaren argazkia

Montserrat Armengouk parte hartuko du bihar Portaleako proiekzioan eta eztabaidan. [PILAR TORO]

DATUAK

Proiekzioa: Frankismoko ume galduak, eta ondoren, eztabaida.

Noiz: Bihar, ostegunean, 19:00etan.

Non: Portalea kultur etxean.

Parte hartailea: Montserrat Armengou, documentalaren egilea.

Antolatzailea: 1937 Intxorta Kultur Elkartea –2005ean sortu zen elkarte hori, gure iragana aztertu eta zabaltzen laguntzeko– eta Eibarko udala.

Nazioarteko aitorpen asko jaso ditu dagoeneko mundu guztiko telebistetan ikusi ahal izan den lan honek. Montserrat Armengou Eibarren izango da, frankismoko ume galduei buruzko lana aurkezteko.

- Zertan datza bihar ikusiko dugun dokumentala?

Frankismoko ume galduak 90. hamarkadaren amaieratik kartzela frankistetan umeek zuten egoerari buruz egin genuen ikerlan bat izan zen, gai hori oso gutxi aztertua baitzegoen. Guk beti esaten dugu frankismoaren errepresioari buruz oraindik aztertzeko asko dagoen arren are gehiago dagoela emakumeei eta umeei dagokionez. Hasiera batean, gure asmoa zen dokumental bat egitea kartzela frankistetan jaiotzen ziren edo amekin sartzen ziren ume horiei buruz. Datu bat izan genuen oso larritu gintuena; izan ere, umeak, kartzeletan sartzen zirenean, ez ziren erregistratuta geratzen.

- Baina ez zen hori bakarrik.

Ikerlanean aurrera egin ahala, susmatu ere egiten ez genuen gai baten aurrean gertatu ginen. Gainera, ume horietako batzuk legez kanpoko adopzioetan eman zituzten. Beti Argentina jarri genuen erreferentea hementxe bertan genuen. Ume horiek bere amengandik banantzen zituzten, modu askotan, jaiotzen zirenean edo hiru urte bete eta gaur egun ere badagoen antzeko lege batengatik kartzelatik atera behar izaten zituztenean. Ezin dute hiru urte baino gehiago egin beren amekin, presondegietan.

- zer gertatzen zen?

Hortik aurrera, laguntzeko gizarte-zentroetan edo elizakoetan ibiltzen ziren; askotan, ume horien arrastoa galdu egiten zen, eta legez kanpoko adopzioetan amaitzen zuten.

- Dokumental honek oihartzun handia izan zuen.

Aurkikuntza hau 'Pandoraren kutxa” irekitzea bezala izan zen. Gizartea asko asaldatu zen; une horretan, oraindik ez zen hainbeste hitz egiten memoria historikoa berreskuratzeaz. Hasten ari zen gizartearen nahi zibikoa hori jakiteko, eta dokumental honek, modu batera edo bestera, lagundu egin zuen memoria historikoa berreskuratze horretan. Alde batetik gaia dago, umeena; eta bestetik, hori beste herrialde batzuek egozten geniela.

- Gainera, oraindik ere gure artean bizirik dauden pertsonei buruzko gaia da.

Zoritxarrez, gero eta jende gutxiago dago gure dokumentaletan aipatzen direnetatik. Hala ere, esku hartzen duten pertsona batzuk oraindik bizirik daude. Hai zuzen ere, dokumentalean parte hartzen duten eta bizirik daudenetako bik Euskal Herriarekin lotura handiak dituzte, Saturrarango kartzelan egon baitziren. Kartzela hura trajikoenetakoa izan zen, ez bakarrik emakumeekiko tratuagatik, hori frankismopeko estatu espainiarreko gainerako kartzeletan ere gertatzen baitzen; izan ere, Saturrarango kartzelan horretaz gainera, meningitis epidemia izugarri bat gertatu zen, eta ume asko hil ziren batera. Gainera, Saturraranen amen ondotik banandutakoumeen konboi bat egon zen.  Saturraranen alaba galdu zuen ama baten lekukotasuna berreskuratu ahal izan dugu, eta baita bere amarengandik banandu zuten alaba batena ere, nahiz eta, zorionez, legez kanpoko adopziorik iza ez zuen.

- Hur bizi izan zutenentzako, gai hauek oroitzea gogorra al da, edo terapeutikoa izan litekeela esan al liteke?

Nire ustez, bi gauzak dira. Gogorra da, baina, aldi berean, ordaingarria. Nik gogokoago dut ordaingarri hitza erabiltzea, hori baita instituzio- eta gizarte-mailan egin daitekeena. Terapeutiko hitza oso adierazgarria da, baina norberaren alorrekoa izango litzateke, nola kudeatzen dituen bere arazoak edo traumak. Baina estatu batek, instituzioek edo herrialde batek justizia ordaingarria aplikatu beharko lukete, zeren diktaduraren, trantsizioaren eta demokrazioaren testuinguruan ez baita justizia penalik gauzatu. Inor ez dute aulkian eseri, beste herrialde batzuetan bezala, eta ez da ezer gertatu. Hemen, memoria historikoaren legea tramitatze hutsak badirudi gerra zibil batera eramaten duela. Ordea, beste herrialde batzuetan, gai izan dira ditadura-garaiko kriminalak aulkira eramateko. Hemen hori egin ez denez gero, gutxienez, egon dadila justizia ordaingarri hori. Eta hori ere egin ez denez gero, egia da dokumentalak eragin ordaingarria duela. Kasu honetan telebista publiko bat gai honetaz arduratzeak lagundu egiten du isildutako ahots horiek entzun daitezen.

- Iraganari estalkia jartzeko apustua egiten duten ahotsak entzuten dituzunean, nolako aurpegia geratzen zaio dokumental hau egin duenari?

Nik uste dut humanitate falta dela, gizateriaren aurkako krimena dela ez esatearren. Nik pentsatzen dudana edo gogoko nukeena aparte utzita, frogatuta dago, esperientzia historikoagatik, iragana ondo onbideratzen ez duten herrialdeak arazo asko izaten dutela.

- Adibidez.

Demokraziak arazoak dauzka; gizartea ez da ondo ibiltzen, eta desdoitzeak gertatu ohi dira. Alde horretatik, ez dut ulertzen zer arazo dagoen iraganari garbi begiratzeko. Katalunian, han egiten baitut lan gehien, memoria historikoaren lege bat onetsi dugu, zeinak dioen gatazkaren bi aldeetako biktimez arduratu behar duela ikerketa, omenaldia, ekintza ordaingarri, eta abar egiten zaion edozein gaik.  Baina legeak berme horiek ematen dituelarik ere, badira ahotsak hori arriskutsua dela diotenak, konplikatua dela eta ez dela komeni atzera begiratzea. Atzera ez begiratzeko seta hori ia susmagarri egiten zait, eta ez dut ulertzen. “Hainbat eta hainbat kutxa lurretik”

- Gai horiek jorratzeak zaildu egiten al du artxiboekin eta urte haietako erreferentziekin lan egitea?

Oso konplikatua da. Kontuan hartu behar da Frankismoko ume galduak bezalako lan batean izenburuaren kontzeptuak bera dokumentalarekin sortu dela. Eta hau ez da Argentina; han, desagertuen elkarteetara jo daiteke. Orduan, berez ere oso zaila zen protagonista berak bilatzea. Gero, artxiboei dagokienez, oso kontu interesgarri bat dago. Askotan, jendeak uste du dokumentazio frankista daukaten artxiboetan murgiltzeak arazoak eta eragozpenak ekar ditzakeela, eta hori ez da horrela. Ez dago arazo handirik artxiboetara jotzeko; artxiboen egoera da arazoa. Leku askotan, dokumentazio garrantzitsua suntsitu egin dute, nahita edo denboraren joanean, hezetasunagatik, suteengatik, etab. Beste batzuk nahita suntsitu dituzte. Bestalde, oraindik sailkatu eta ordenatu gabeko dokumentazio asko eta asko dago oso eragin garrantzitsua daukatenak ikertzailearentzako ez ezik edozeinentzako ere.

- Adibide bat.

Madrileko Yeserias kartzelan, dokumental hau egin genuenean, bazen areto bat kutxa pila zegoena lurretik botata; desagertutako kartzela zaharretako fitxak zituzten, dokumentazioa hara eraman zelako. Horren ardura presondegietako bi funtzionariorena zen, eta horiek ordenatzen zuten, ahal zen heinean, bere borondaterik onenarekin. Baina horrek esan nahi du pertsona batek uneren batean bere amaren edo amonaren fitxa bilatu nahi badu, kalteordain bat kobratzeko edo ordaingarri moral bat jasotzeko, ez diotela fitxa aurkituko. Horregatik, une baten arazoak emango dizkizun funtzionari zakar bat aurkitzea baino askoz ere egitate larriagoa da artxiboen gaia. Badira moduak funtzionario zakar hori menderatzeko. Baina ez dago modurik oso egoera txarrean dauden artxibo batzuekin ikerketari aurre egiteko; aparte utzita dokumentazio asko esku pribatuetan dagoela, hala nola, Francisco Franco Fundazioarenean. Hori ere arazo handia da.