"Nicolás Guerendiain"
Irungo Errepublikarrak
Balio errepulikarren defentsa eta oroimen historikoaren berreskurapena

Irungo prisioneroen kontzentrazio-esparrua (Stadium Gal)

Jatorria: Aiala Oronoz Mitxelena

Irungo kontzentrazio-esparrua

Kontzentrazio-esparruaz” singularrean hitz egiteak ez ditu berez islatzen ehunka mila erbesteraturen muga igarotzeko baldintzak.Irunen, kontzentrazio-esparruaz gain, beste hainbat atxikitze-zentro egon ziren, baina ia ez da haiei buruzko dokumentaziorik gorde. Beraz, zaila da Irunen izandako atxikitze-zentroen eta kontzentrazio-esparruaren arteko erlazio kronologikoa zehaztea. Kontzentrazio-esparrua "Stadium Gal" inguruan egon zen, Nazioarteko Zubiaren inguruan. Identifikatutako atxikitze-zentroak honakoak dira: RENFE geltokiaren inguruan zegoen "Trenbide Iruteak" lantegi zaharra, "Lore Bat" instalazioak Elizatxo hiribidean eta biltegi zahar batzuk "Carioca" areto zaharra dagoen lekuan, Behobiako Nazioarteko Zubiaren inguruan.

Presoen kontzentrazio-esparrua

1937ko uztailaren 5ean presoen kontzentrazio-esparruak sortzeko Batzorde bat eratzeko agindua argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean. Kontzentrazio-esparruen helburua, behintzat itxurazkoa, hitzak berak adierazten duen bezala, sailkatu behar ziren pertsonak kontzentratzea zen. Gatibuen eta presoen arteko desberdintasunak erabateko garrantzia du kontzentrazio-esparruetan bildu beharreko pertsonen tipologia zehazteko orduan. Presoak epailearen edo gobernuaren aginduz kartzelaratutako pertsonak ziren. Preso prebentiboak izan zitezkeen, eginbide judizialak bideratzen zitzaizkien bitartean edo preso zigortuak, auzitegi militar batek epaituak. Gatibuak agintarien "iragazkitik" pasa behar zuten pertsona guztiak ziren, etxera itzuli edo beste norabait bidali aurretik. Kontzentrazio-esparruen kokapenaren arabera, presoen tipologiak esanahi desberdina zuen. Gerra amaituta preso hartutako milizianoak izan zitezkeen, auren jatorrizko lekuetara eraman eta auzitegi militar batek auzipetzeko zain, edo Espainiako edo atzerriko beste leku batzuetatik eramandako zibilak izan zitezkeen, etxera itzuli ahal izateko abalak lortzeko zain zeudenak

Irunen, Stadium Galeko kontzentrazio-esparrua, terminologikoki hitz eginez, kontzentrazio-esparrua baino gehiago izan zen sailkapen-esparrua. Presoak bertan egun gutxi egoten ziren. Errefuxiatuak ziren -milizianoak eta zibilak- alboko herrialdetik itzuli eta atxikita zeudenak, askatzeko, beste kontzentrazio-esparru edo langileen batailoi batzuetara eramateko edo, kasurik okerrenean, atxilotzeko eta kartzelara eramateko, auzi judizial bat bideratzeko zain zeudenak. Presoak sailkatu eta kudeatzeaz gain, kontzentrazio-esparruek prozesu luze bat abiaraztea izan zuten helburu, faxisten aurrerapenari aurre egin ziotenak menderatzeko eta berrezteko.

Sailkapena

Presoak sailkatzeko irizpideak Kontzentrazio Zelaien Ikuskaritzak ematen zituen eta presoak lau kategoriatan banatzeaz arduratzen zen. A kategorian sartzen ziren Mugimendu Nazionalari atxikiak izatea justifikatzen zuten presoak edo aurkeztuak, edo, gutxienez, haren etsai ez zirenak, eta, etsaiaren lerroetan formatu izanak izanez gero, horretara behartuak edo derrigortuak izan zirenak. Kategoria horretan sailkatzen ziren, baita ere, arerioaren aurka aurkeztutako aldarrikapenen onurak lortzen zituztenak, etsaien lerroetan borondatez agertzen baziren ere. B kategorian sailkatzen ziren etsaiaren lerroetara borondatez sartu ziren presoak, izaera sozial, politiko edo komuneko beste erantzukizun batzuen eraginpean ez zeudenak. C kategorian, armada errepublikarreko buruzagiak eta ofizialak; tropa nazionalen aurkako etsaitasun-ekintzen bidez nabarmendu edo bereizi diren pertsona harrapatuak edo aurkeztuak: alderdi eta jarduera politiko edo sozialetako buruzagiak eta pertsona nabarmenduak, "Aberriaren eta Mugimendu Nazionalaren etsaiak"; traizio, matxinada edo izaera sozial eta politikoko beste delitu batzuen ustezko erantzuleak, "Mugimendu Nazionala" gertatu aurretik edo ondoren egindakoak. Azkenik, D kategorian sailkatzen ziren gutxi gorabehera argi eta garbi agertzen ziren harrapatutako edo aurkeztutako pertsonak, "Mugimendu Nazionala" gertatu aurretik edo ondoren egindako delitu arrunten edo pertsonen zuzenbidearen aurkako delituen ustezko erantzule gisa.

Irizpide horiek mantendu ziren 1937 eta 1940 urteetako presoen sailkapenaren oinarrian, A eta B taldeen arteko talde bat sortu zen arte: informazio kontraesankor edo eskasagatik, bi taldeetako bakar batean ere argi eta garbi sartu ezin ziren gizabanakoak ziren, eta A-zalantzazko gisa sailkatu ziren. A taldekoak aske utziko ziren, baina adin militarrean bazeuden, errekruta-kutxetara bidaliko zituzten matxinatutako armadan sartzeko. C edo D moduan sailkatutakoak auzitegi militarren esku geratzen ziren. Juridikoki salbuespenezko egoera batean geratzen ziren A-zalantzazkoak eta B taldekoak, baina ez zioten preso izateari uzten, deliturik egotzi ez bazitzaien ere, eta Langileen Batailoietara bidaltzen zituzten.

Kontu auzitegia

Kontuen Epaitegia bezala ezagutzen den funtsak, Salamancako Memoria Historikoaren Dokumentu Zentroak zaindua, 1937 eta 1945 bitartean Madrilgo Kontu Auzitegira langileen kontzentrazio esparruetatik eta batailoietatik fiskalizatzeko bidali ziren aldizkarien laburpenak gordetzen ditu. Dokumentazio hori duela hamarkada bat arte ezin izan da eskuratu eta Kontu Auzitegiaren instalazioetan gordeta egon da. Orain kontsultatzeko moduan dago, baina kopia digitalizatuetan soilik, Kontu Auzitegiaren eta Kultura Ministerioaren artean 2009ko urriaren 30ean sinatutako hitzarmenaren ondorioz. Funtsak 132 kontzentrazio-esparruri eta 541 langile-batailoiri buruzko dokumentazioa jasotzen du, besteak beste, Irungo Presoen kontzentrazio-esparruari buruzkoa.

Iruni dagokion dokumentazioak hogeita zazpi administrazio-aldizkari biltzen ditu, 1939ko irailetik 1942ko abendura bitartean Irungo Presoen Kontzentrazio Zelaien Ikuskaritzak aurkeztuak. Hilabetekari hauek Donostiako Gerra komisariaren oniritzia ere jasotzen zuten Madrilera bidali aurretik. Iruni dagokion dokumentazioan, 1939ko abuztuaren 1etik 1942ko abenduaren 7ra kontzentrazio-esparrutik igaro ziren 4.251 presoren kopuru partziala eskaintzen da. Zenbaki partzial bati buruz ari gara, dokumentazioan 41 aldizkaritik 27 baino ez baitira gorde data horien artean.

Irungo kontzentrazio-esparruko alten kopuruaren banaketa, hilabeteka

Gráfico campo de concentración

Bestalde, 18 aldizkarik bakarrik jasotzen dituzte 1940ko irailaren eta 1942ko abenduaren arteko presoen bajak eta altak, euren izen eta abizenekin. Gainerako aldizkariek hileko alta eta bajen laburpena eskaintzen dute. Taulan ikus daitekeenez, 1939ko abuztuan Espainiara itzuli ziren erbesteratuen kopuruak gora egin zuen, Burgosko gobernuak Frantzian errefuxiatutako espainiarrak aberriratzeko egindako deiekin bat etorriz. Era berean, 1940ko uztailean Espainiara itzuli ziren erbesteratuek gora egin zuten, Frantziako porrotarekin bat eginez.

Arau orokor gisa, presoak bi egunetik bost egunera egoten ziren Irungo kontzentrazio-esparruan. Beraz, Irungo kontzentrazio-esparrua helmugak banatzeko eta sailkatzeko gunea zen. Hileko alten kopurua oso gorabeheratsua da; egun batean, gutxienez, preso bat eta, gehienez, hirurehun eta hirurogeita hamar kontabilizatzen ziren. Preso bakoitzaren mantenu-gastua 1,65 pezeta zen eguneko. 1939ko abendutik aurrera mantenu-gastua 2,25 pezetara igo zen.

Kontu-auzitegiak kontzentrazio-esparruko langileen soldaten berri ere ematen du. Dokumentazioan 1940ko abuztuko aldizkariari erreferentzia egiten zaio eta bertan agertzen da arduradunen soldatei dagokien 916,66 pezetako gastu garbia. Gainera, hilabete berean 291,66 pezetako gastua jasotzen da kontzentrazio-esparruko komandante ordezkariarentzako haborokin gisa.

Presoak Donostiako espetxe provintzialera lekualdatzea

Irungo kontzentrazio-esparruko aldizkariek jasotzen dituzten datak alde batera utzita, Gipuzkoako Artxibo Historiko Probintzialean 1938ko abuztuaren 23an Donostiako Espetxe Probintzialean espetxeratu zituzten presoen espetxe-espediente batzuk daude. Erregistroan zehazten denez, "Irungo kontzentrazio-esparrutik datoz, Guardia Zibilak ekarrita". Espedienteak Martuteneko Funtseko 3568 Kutxan gordetzen dira, eta honako hauek dira:

 

ABAD SANCHEZ, ELADIO
ALEGRIA CALDERA, GAUDENCIO
ALVAREZ BOTE, MANUEL
BARROCAL ORTEGA, ANGELA
BAZAN JIMENO, EUGENIO
BIOSCA COMAS, JOSE
BUENO VALERA, PABLO
CARBALLO ALVAREZ, DOMINGO
CAROD BOROBIA, JUAN BAUTISTA
CUESTAS ROMULO, MIGUEL

ENRIQUE DE RUEDA, MIGUEL
FERRAZ ARTIGA, JOSE
GAMIZ EXPOSITO, ANTONIO
GARCÍA BARQUIN, MARÍA
GARCIA SEGURA, JUAN
GIL JEREZ, FORTUNATO
JORGE RIVAS, JUAN VICENTE
LOPEZ NAVARRO, MIGUEL
MAESTRE GALUCHINO, JOAQUIN
MARI PORTET, JUAN

MEDINA PEREZ, MIGUEL
MONTEJO ARTE, EMILIA
MORO SALABERRI, SERGIO
MUROTE LARRAÑAGA, PABLO
NICOLÁS SANTOS, SANTIAGO
PEREZ MONTEIRO, ANTONIO
REY VILLALBA, JORGE
ROMERO HINOJOSA, PEDRO ANTONIO
RUA DIAZ, JOSÉ
SUAREZ GONZALEZ, AGUSTÍN

Irungo kontzentrazio esparruko prisioneroen izen zerrendak

Esteka honetan Irungo kontzentrazio-esparruko aldizkariak ikus daitezke.

Norbait bilatu nahi baduzu, erabili bilatzailea.